Lehenengoa: herria zeharkatzen duen bidegorria ez dago erabat komunikatua; Tolosako erdigunearekin eta hainbat auzorekin lotzea falta da. Esate baterako, Zumarditik Alde Zaharrera datorren bidegorria bat-batean eten egiten da, Santa Klara zubira iristean, eta ez dago argi nondik jarraitu behar dugun: errepidetik edo Santa Klarako zubitik. Errepidetik joanez gero, arriskutsua izan liteke, batez ere haurrentzat. Nahiz eta herri osoan bizikleten lehentasuna adierazten duten seinaleak egon eta abiadura orduko 30 kilometroan mugatu, horrek ez du bermatzen bizikletan joateko bide seguruena errepidea denik.
Bigarrena: espaloietan edo zoruan margotuta dauden bidegorriak arriskutsuak dira, oinezkoek eta txirrindulariek partekatzen dutelako esparrua. Mota horretako bizikleta-bideetan arazorik ez sortzeko, ezinbestekoa eta premiazkoa da bai oinezkoek baita bizikletan gabiltzanok ere arauak errespetatzea. Tamalez, zenbaitetan ez da halakorik gertatzen oinezko batzuk bidean sartzen direlako, edota zenbait txirrindulari edozein modutara joaten direlako: eskuak poltsikoan, zigi-zaga eginez, kontrako norabidean… Egoera edozein dela ere, ezinbestekoa da guztiok trafiko-arauak errespetatzea.
Tolosako mugikortasuna hobetzeko eta bidegorri seguruak eta erosoak egiteko, udalari eskatuko nioke herriko bizikleta-bide guztiak lotzea, bai erdigunearekin baita herriko auzo guztiekin ere
Hirugarrena: bidegorrian mantenu-lanak egin behar dira. Adibidez, San Frantziskoko bidegorria zuloz josia zegoen. Duela gutxi konpondu dute. Eskerrak! Orain N-I errepidea dirudi: leun-leun, xamur-xamur ibil zaitezke bertatik; seinaleak eta marrak argi eta garbi ikusten dira. Baina, zoritxarrez, ez da gauza bera gertatzen bizikleta-bide guztietan: bigarren mailakoetan, bidegorri komarkaletan, zorua apurtuta eta hosto edo zuhaitz adaxkaz josia egoten da; margo lanak falta dira. Horrek arriskutsu egiten du bertatik ibiltzea.
Tolosako mugikortasuna hobetzeko eta bidegorri seguruak eta erosoak egiteko, udalari eskatuko nioke herriko bizikleta-bide guztiak lotzea, bai erdigunearekin baita herriko auzo guztiekin ere. Mantenu-lanak ere bermatu beharko lituzke. Eta bidegorrien erabiltzaileei beste hau erregutuko nieke: guztiok jakin eta errespetatu behar ditugu bidegorriko arauak, bai txirrindulariok, baita oinezkook ere. Bide batez, iradokizun bat: zergatik ez argitaratu herritarrontzat bidegorriak egoki erabiltzeko gida xume bat?