Zerbaitetarako gauza izan zaren egunetik, jakintza handituz doakizu, edo hala iruditu zaizu behintzat. Oinez ibiltzeko gai izan zarenean, kateei ihes egin nahi izan diezu, ingurukoak zerbait hobea eskainiko zizulakoan; kate malgu eta epelak ziren ordea, gehien zekitenak. Konturatzerako, eta zuk nahi baino lehen, zure moduko ibiltari mordo bat topatu dituzu aurrez aurre eta inguruan. Beharko ikasi. Gabe gelditzea nahi ez baduzu, behintzat: hamaiketakorik gabe, tokirik gabe, txalorik gabe. Eta urteak joan zaizkizu ikasi eta ikasi, edo itxurak egiten behintzat; inork baino gehiago dakizula uste izateraino.
Osaba kuttunak zalantzaz josi zaituen arte: «18 urte eta oraindik liburu artean? Nik bi urtetan nahiko eskola jaso nian».
Urtetako eskarmentua lan bihurtu nahi izan duzu, mundua jan beharrean. Eta ezer gutxi dakizula konturatu zara aitaren batean. Usteak erdia ustel. Elkarri asko eman diezaiokegula konturatu zara ordea; laguntzeko prest direnengandik, jaso ahal den azkarren, bestelakoak ere izango dira beharbada eta.
Baina hor dago muga, ezer ikasteko gai ez izatea, eta zenekien guzti hori ahaztuz joatea, gainera, poliki-poliki, mendi tontorretik elurrak desagertuz doazen eran, jakinduria urtuz eta nahasmendu bihurtu litekeenaren atarian. Solasaldi goxo batek animatu zaitu ordea, hura eta bestea nola egin litekeen argitu nahian auzoko aitonak honela erantzun dizunean: «Beti ikastea duk kontua, nik 82 urte zeuzkaat eta ikasten ari nauk oraindik».
Eta ibilian ibilian, beste bati bidea ematea komeni dela ikasiko duzu: «Hi, bazterrak nazkatu baino lehen…» Eta hala utziko duzu ibilbide hau, egindakoaz gustura, ihes egiteko premiarik gabe. Agurtuko dituzu zure letrak atsegin izan dituztenak eta aipamen politak egin dizkizutenak. Txintxoak izan, gaiztakeria batzuk eginez.