Ederki nengoen bada ni oporretan. Nahi dudan orduan jaiki, telebista aurrean gosaldu, eskuz edo erraketaz saio bat egin nire lagunekin, haserretu gabe, eta tarterik bada, toalla eta bainujantzia hartu eta eguneko lehenengo zipriztinak zabaldu.
Jar hadi orain maisu petral horren aurrean, berak egin ez baina agintari bikaina den sakamantekas horren menpe. Nik bezalako oporrak izan balitu, ez zian orain horrelako arrazoi txarrik emango galderaren bat egiten zaion bakoitzean.
Ederra da, berandu bazkaldu eta sofa gainean lo hartzeko beldurrik ez izatea. Mugikorreko mezuak jaso bezain pronto erantzuteko aukera izatea. Arratsaldez ere hondarra edo belarra zapaltzeko moduan izatea, lasai, etenik gabeko solasaldi bizi batean, zeinek ateraldi handiagoa botako.
Jaso ezak orain liburuz betetako motxila, eta bete ezak ordutegia, minutu batez hutsik egin gabe. Despista hadi une txiki batean eta galduko duk autobusa, eguna ondo hasteko; edo geratuko haiz lotsagarri gelara sartu gabe, norbaiti oporren berri eman nahi hiolako.
Baina gaua bezalakorik ez da. Garaiz jaiki beharrik ez izateak saguzarren hegaldi zoroa margotzeko aukera ematen du, eta honek asko balio du. Gaua magikoa baita, baita gure adinean ere. Bizkor iristen da baimendutako ordu madarikatua, inork nahi baino lehen, hobenean geundenean.
Eskerrak bestelako maisurik ere baden, edo eta nagiak kendutakoan ez dudan hain petral ikusiko. Eskerrak lagunarteak liburuen zama goxatuko duen eta azterketen urduritasuna arinduko.
Iritsiko duk bai berriz ere uda. Ur epelak eta ordutegirik gabeko egunak. Hor izango nauk ni berriz ere. Baita hi ere.