Badut irakurtzen ikasteko gogoa oraintxe. Edozein txokotan jendea irakurtzen ikusten dut eta ni oraindik gauza ez. Kaleko aulkietan egunkaria hartuta ikusten dut nornahi; hondartzan, liburu barruan sartuta, eguzkiarengandik babesteko krema ematea ahaztuta; mendian, gerizpean jarri eta aldizkariei orriak pasa eta pasa, pipak jaten dituzten bitartean; mugikorra eskuetatik kendu ere egin gabe, ez dakit bide zuzena hartzeko nolatan den gai zenbait. Bost urte bete berriak ditudanez, guzti hauen parean izatea espero dut laster.
Nire aitonak ere, ordubete egiten du gutxienez egunkaria eskuetan duela, betaurreko itsusi batzuk jantzita. Pilota eta futboleko berri izan ondoren, gorbatadunak agertzen diren orrialdeetara jotzen du zuzen-zuzenean. Eta hauei purrustaka hasten da segituan, «txoroa», «gixaxoa» eta hitz zatarrago batzuk esanaz. Nik esaten diot aitonari zergatik ez duen gorbata janzten, eta lepoa estutzen duela erantzuten dit; eta lepoa estutuz gero ezin omen da burura ideia onik iritsi, ezta tripara janaririk jaitsi ere, eta apetitua galtzen omen da. «Apetiturik gabeko aitona, hari batetik bizirik dagona» dela dio.
Horrelako gauza asko dakizki nire aitonak, eta gehienak liburu eta egunkarietatik ikasiak izango direla uste dut, horregatik ikasi nahi dut irakurtzen nik ere, nire aitona eta amona bezain jakintsuak izatearren. Bai, nire amonak ere asko irakurtzen du, liburu potolo-potoloak beti; eta malkoren bat isurtzen badu, printzesaren bat hil edo umeren bat gaixotu den seinale. Egunkaria hartzen badu ere, zuzenean eskeletara jotzen du, bere burua agertuko den beldurrez edo. Ziur, egunen batean nire amona gaixotuko balitz, nik umeen ipuinak irakurriko nizkioke, hauetan txintxoek bizirik irauten baitute beti.
Baina nik ikusi dudan libururik potoloena, nire lehengusu Alainen jaunartze egunean elizan azaldu zutena. Apaizak hori guztia irakurri behar badu, zahartuko da bi aldiz. Ikusten! Hor ere irakurri egiten dute! Baina laster hasiko naiz. Eta gauetan nire ahizpa txikiari ipuin politak irakurriko dizkiot, bere aldamenean eserita. Lo hartuko du nire ahots goxoak txoratuta. Eta bakean utziko nau honela.