Oporrak, oporrak eta oporrak

Erabiltzailearen aurpegia Agustin Amiano Gurrutxaga 2014ko ekainaren 22a

Nekatuta nago oraintxe. Aurreko bi asteetan bospasei azterketa egin ditut eta baita hauek kontzientziaz ikasi ere. Emaitzak ere onak izatea espero dut. Eta gaurtik aurrera oporretan nago, gero gerokoak. Asteburu honetan prestatu egin behar dut, hurrengo egunetan entzun beharrekoak entzuteko: «Oporretan egongo zarete?»; «zuek bizi zarete, zuek»; «zenbat hilabete, hiru, lau?».

Osaba Joxeluix da denetan okerrena, urte guztian ez omen dugu kolperik jotzen, eta gainetik horrelako oporrak. Bera jarriko nuke nik liburu artean, ehizarako lizentzia atera behar badu bi hilabete estresatuta egiten ditu eta.
Eta ez dakit tabernako atarian esaten dituztenak aipatzea komeni den; hemen irakasleekin sartzen baitira inongo gupidarik gabe. Osaba Patxi bezala, sanjoanak inguru honetan estimulatzen zitzaion gehien bere hitz-jarioa: guztiak alfer sorta bat zirenekoa, urte erdia oporretan egiten zutenekoa, egun osoa aulkian eserita egiten zutena, umeei lana eginarazi eta beraiek egunkaria irakurtzen egoten zirena… Zera, emaztetzat irakasle bat hartu duen arte. Ez du orain horrelakorik esaten bere aurrean; beti eskolarako gauzak prestatzen ari omen da, egunero ba omen du zerbait zuzentzeko, etxean eskolako berri besterik ez omen du, ezin omen du eten. Ederki aldatu du bere diskurtsoa.
Ba nik gaur hartu ditut oporrak, eta egia esatea nahi baduzue, nekatuta nago eta merezi ditudala uste dut. Eta kontrako iritzi ugari izango badut ere, besazpian toalla hartuta irribarre gozo batekin erantzuten saiatuko naiz. Besteen oporraz kexu izatea baino hobe da norberarenak ondo aprobetxatzea.

Eta nire irakasleak ere halaxe ikusten ditut bada, nekatuta; umorea mikaztu zaie eta ahotsa zakartu. Oraindik egun batzuk izango dituzte bilera eta paper artean, baina opor lasaiak opa dizkiet hauei ere, irailean goxo-goxo itzul daitezen berriro eskolara; hobeto moldatuko gara guztiok ere, lana gusturago egin eta gehiago ikasi. A!, eta ez naiz osaba Joxeluixen pentsaera aldatzen saiatuko, ea beste norbaitek aldatzen dion, mutilzahar alproja horri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!