Hesiak gainditu ezinik

Maiatzarekin batera ez dira loreak bakarrik iristen, baita ditxosozko ikasturte amaierako bidaia eta egonaldiak ere. Nire gelako lagun guztiak pozez txoratzen falta diren egunak kontatzen ari dira; egunez izango omen ditugun abenturak eta gaua iritsitakoan etorriko omen diren festak aldez aurretik deskribatuz. Eta ni isil-isilik, joan baino ez joan nahiago dudala inori esateko beldurrez. Konturatuta daudela uste dut, baina ez didate ezer esaten, animatzen ahalegintzen dira, bestelakoari biderik eman ere egin gabe: «Hi, gu laurok jarriko gaituk gela berean»; «orain bi urte eramandako linterna hura eraman ezak gauerako»; «sekulako igerilekua omen zagok».

Ama ere aspertzen edo nekatzen hasi naizela uste dut nire aitzakiekin; bainujantzia txikiegia geratu zaidana, zaku barruan lotan ito egiten naizena, otorduak zeharo eskasak izango direna, orain dela bost urte norbait kalean galdu egin zena. Bere ahots leunez goxo-goxo animatzen eta oztopoak saihesten ahalegintzen da. Aitak berriz fenomeno pasako dudala dio, bera honelako tokietara txoratzen joaten omen zen, baita udalekuetara ere. Zera, falta zitzaidana!

Aitonak du arrazoi, etxean baino hobeto ez omen naiz inon egongo, honek laineza eman gainetik; nahiko zalantza ez lehendik, eta oraindik honelako ateraldiak bota. Bera ez da ia herritik atera eta, zer esango du bada?

Hortzak estutu eta aurrera egin beharko dut. Hamaika urte, hamaika urte dira, eta egoerari aurre egiten ikasi beharko dut noizbait. Bizitzak honelako hesiak izango ditu, eta gainetik pasatzen ikasi behar dut, urratuko banaiz ere. Abiatu bezperan, oheratutakoan, malko batzuk isuri eta eguna iritsitakoan besteen aurrean tente eta irribarretsu agertu behar dut. Ondo pasako dut. Zalantza egiten badut okerrago da. Okerrago izango da. Hala uste dut. Eta ondo pasatzen ez badut? Eta aurtengoz…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!