Hegorantz begira

Oso ume nintzela utziko nuen kanpamendua, halako oroitzapen izpi batzuk badatozkit halere. Nonbait bizi edo iraun behar, eta hantxe, basamortu erdian, harriak ere pozik hondar azpian ezkutatuko liratekeen labean. Faltan botatzen dut bertako giroa, jatorrizko lurraldeetara itzultzeko sena, nahi eta ezinak sortzen duen ekiteko grina.

Batean eta bestean lur hartu ezinik ibili ondoren, hemen gaude familia osoa, edo ia osoa; hobeto esanda, gure familia handiko kide gutxi batzuk besterik ez. Ez diru, ez lan, ez lagun, ez etxe, ez hizkuntza, ez ohitura,… ezer ez. Halaxe hurbildu ginen hona. Eta ez dakizue zein zitala den honelako egoera. Has zaitez ikasturte erdian, gela arrotz batean, guztiak zuri begira daudenen artean lagun bila; nola eta, hitz bat ulertzen ez duzunean.

Basamortuko haizeak badu indarra nonbait ordea. Bi urtetan asko aldatu zaigu egoera, ia dena, eta era harrigarrian hitz egiten omen dut. Horixe esan zidan aurreko astean amona batek, «guztiek euskara hain erraz ikasiko balute…». Bada tartean nire azal koloreari muzin eginez hitz errazen bat erortzen uzten duenik, baina bada gu laguntzeko prest dagoenik ere, elkartasun zintzoa agertzen duenik, eta ugari gainera.

Erraz esaten da lagunak egiteko, baina ez da hain erraza egitea. Oso jatorra nintzela zioten denek, eta gehienetan bakarrik aurkitzen nintzen. Azken hilabete honetan nire moduko pare batekin egin dut topo eta asko lasaitu naiz beraien inguruan. Guztiok ere oso larre motzekoak garela esango nuke.

Ez pentsa gero oparotasunean erori garenik, gure etxean ez da diru hots handirik, ez eta lan arrastorik ere. Ez gara oso gaizki bizi, baina ondo ere ez, daukaguna estimu handiz onartzen dugu eta aurrera egiten diogu bizitzari. Udazkenean antzarei begira malkoren bat isuriko zaigu halere, «hegoek zuen parean joaten lagunduko baligute, zenbatek astinduko genituzke gureak eta hegorantz abiatu?». Hegoak hegorantz, joateko baitira, iparra galdu gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!