Badaezpada ere

Erabiltzailearen aurpegia Agustin Amiano Gurrutxaga 2014ko martxoaren 23a

Gaurkoan marka guztiak hautsiko ditudala uste dut. Bizkarrean daramadan zama ez da nolanahikoa, eskerrak indartsua naizen. Autobusera igotzerakoan antzeman diot, atzera bezala egin dit gorputzak, eta txoferrak berak ere begirada zorrotza bota dit, zertan ote nabilen edo. Zortzi kilo baietz pisatu gaur nire motxilak!

Lau liburu eta hiztegi bat ere bertan ditut. Eskolan badugu hauek uzteko tokia, baina batean eta bestean banatzen ez hasteagatik… Halere, ez dakit nola ibiliko naizen liburu bat bera ere ateratzeko, denboraz, alegia. Izan ere, pilotako entrenamendua ere badugu eta. Baina, badaezpada ere…

Ea ikusi, ingeleseko koadernoa hartuko al nuen behintzat aste honetako esaldiak errepasatzeko. Kaka zaharra! Bost koaderno hartu ditut eta seigarrena behar nuen! Nahita ere ez dago horren trakets jokatzerik. Esaten dut bada nik, falta zaidan koadernoa atera izan ez banu, orain ez nuen bere beharrik antzemango. Nire motxila baino leku hoberik, badaezpada ere…

Nire estutxea bai dela ikusgarria. Berea pisatuko du honek ere, baina ederra dela ezingo dit inork ukatu. Mister Beanek azterketan baino boligrafo gehiago ditut bertan; borragoma galdu izango dut orain ere, lauzpabost arkatz, gehienak punta hautsita, tipp-exak barra-barra… Zertarako? Badaezpada ere…

Ez nago oso eroso autobuseko aulki honetan eserita. Bizkarreko mina jartzen ari zaidala uste dut. Ez dut bada horrela behartu dudanik gogoan. Gorputz Hezkuntzako saioan egingo nuen atzo, izan ere, horrenbeste beroketa eta luzaketa.

Bokadiloa ez dut jan gaurkoan gainera. Hau ere hemen ibiliko da motxilan bueltaka; etxera iritsitakoan Argi ez da haserre izango, beretzat pagotxa… Beste bi pilota, sagarra.

Iritsi da autobusa atarira. Ostra! Etxeko giltzak motxilan sartzea ahaztu zait goizean; eta ez da inor etxean. Orain atarian itxoin beharko dut eserita, motxila aldamenean dudala. Giltzak hartu izan banitu, badaezpada ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!