Hala, ez dudala batere ikasten entzuten dut behin eta berriz; zertan aritzen naiz bada? Saiatu behintzat egiten naizela uste dut, behar adina ez agian, baina saiatu, saiatzen naiz. Azken asteburua ere etxean egin dut, atera gabe. Beste gauza bat da, esku artean dudana ulertzen dudan, edota zentzurik ikusten diodan. Ez dakit zer nahi duten, entrenamenduak ere bertan uztea edo?
Ondorioa, noski: lau kate. Eta guztiak nire erruz izango dira, beraiei esku bat botatzeko edo animoak emateko eskatzea, behi antzuari esnea eskatzea bezala izango da. Honelako emaitza kaskarrek, halako porrot ilarek, ez naute asko motibatuko. Etxera notak eraman baino nahiago dut gauez Txindokira igo. Azkeneko txandan ere gurasoei asteburua izorratu nien, muturtuta izan nituen egun pare batez.
Lehen gutxi ez eta, ez omen naiz gelan isiltzen. Niri ez zait bada iruditzen horrenbeste hitz egiten dudanik; tarteka txorradaren bat edota komentario bat edo beste. Hori bai, beti harrapatzen naute. Nire izena entzun orduko, badakit, pasillo luze horretan nabarmendu beharko dudala. Edota irakasle gelara. Ez dakit zer den okerragoa, bertan egiten dizkidaten komentarioak ez dira oso gozoak izaten eta.
Gainera, zer entzungo eta, lagunen alde ateratzen omen naiz. Alajaina! Zeinen alde egin behar dut bada, bestelako jokabidea izango litzateke xelebrea, irakasleei arrazoia ematea, alegia. Pazientzia galtzen omen dute nirekin; eduki egin behar, horretarako.
Tira, bokadiloa amaitzear dut eta ez dut uste itxurazko ondoriorik atera dudanik. Beste era batekoa izaten saiatu beharko dut, eta beste adin batekoa. Ez dakit hori guztia lortuko ote dudan, ni neroni izateari utzi gabe. Bikaina prestatu dut bokadiloa, ea ondorioek ere halako emaitzarik duten. Nire irakasleek jaten ote dute bokadilorik? Edota, lau intxaur kraskatu eta martxa.