Zuk bai jakin

Erabiltzailearen aurpegia Agustin Amiano Gurrutxaga 2014ko urt. 17a, 11:27

Olentzero txoro horrek ez dit nik eskatutako mugikorra ekarri, ezta errege santu horiek ere. Bederatzi urte bete nituen urrian eta beharrezkoa dut, zalantzarik gabe.

Gainera, nire gelako Amaiak eta Irunek badute aspalditik, eta Mattini ere ekarri diotela uste dut. Nola hitz egin behar dut beraiekin mugikorrik gabe? Zer egin behar dut, kalera atera eta parkeko atarian ia hitzik gabe esertzen garenean? Egunean 50 mezu baino gehiago ez nituzke bidaliko behintzat. Eta jaso? 300 edo 400 besterik ez! Egunean bi edo hiru ordu baino ez dira. Martxa honetan ez dut inoren berri izango eta kalean galduta ibiliko naiz koilarerik gabeko zakurra bezala. Gainera, hitz politak erabiliko nituzke beti, inori itsuskeriarik esan gabe; inor gaizki uztea ez litzaidake burutik pasa ere egingo, eta bospasei urtetan ez nuke berririk eskatuko.

Gurasoek ez dudala horren beharrik esaten didate, beraiek badute bada. Ez dira halere tarte guztietan eskuan dutela mugitzen, behar dutenean baizik. Nire aitak dio ergelak ematen dugula, edozein txokotan eseri eta makina horri begira. Beraiek pilotan edo futbolean ibiltzen omen ziren, eta mezu horiek guztiak ahoz kontatzen omen zituzten elkartzen zirenean.

Eta egia esan, ez du arrazoi faltarik izango. Egunari kenduko niokeen tartea handitxoa izango da eskolako lanak taxuz egiteko gero. Pantaila txiki horretan egingo nituzkeen irakurketak eta liburu baten aurrean jartzeak ez dute balio berbera izango. Gainera, telefonoa ere bada gure etxean sarrerako paretari saguzarra bezala itsatsita. Auskalo zer eta nori buruz idazteko gai izango nintzatekeen; norbaiti min egiteko gai ere bai agian. Zer eta, urtebete baino lehen, lurrera erortzen utzi edo pantaila apurtzen saiatzeko, norbaiti berriagoa eta modernoagoa ikusi diodalako.

Ondo pentsatzen jarrita, nik zertarako behar dut mugikorra oraindik. Kalean nondik nora nabilen ere ez naiz konturatuko. Seinaleren bat irensteko ere… Hobe dut nire lagunekin bizikletaz paseotxo bat ematea, edo plaza inguruan kontu kontari algara batzuk aireratzea. Ai Olentzero, zuk bai jakin, buru handi horrekin!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!