Ataritik gertu hobe

Badakit nire amona lotsatu egiten dela, baina ni oso harro nago. Nire bila eskolara etortzen denean ez du norengana jo jakiten, eta urruti samar geratzen da. Izan ere, berak ez baitaki euskaraz; horregatik lotsatzen da, baina nik hitz-jario bikaina dut, gelako beste edozeinek bezala.

Gainontzekoek baino gehiago balio duela esaten diot nik, niretzat behintzat bai, baina hori entzundakoan burua makurtzen du. Ondo esaten diodala uste dut, erdaraz hasten naizenean barreari eutsi ezinik sumatzen dut baino.
Nire amonak ez omen zuen euskara ikasteko aukerarik izan umetan, eta orain ez zaiola sartzen dio. Halere, ilusioz beteta antzematen dut, ni bizi-bizi hizketan entzuten nauenean. Berak badaki oso gauza polita dela euskaraz hitz egitea, eta badaki bi edo hiru urte barru erdaraz ere txukun moldatuko naizela. Eta bi zapata hobe izango dira bakarra baino. Aurten ere lehertu dira barrez nire gurasoak, nire adineko ume batek «¿eres española?» galdetu eta nik badaezpada ere «no» erantzun diodanean. Ez dakit zer egin dudan oker, izan ere, nire osaba Iñakik traje osoa oparitu zidanetik, ni Realekoa naiz behintzat eta, ez Españolekoa.
Holakoak dira helduak; ez dakitelako pena, eta dakitenean algara. Edozeinek ulertzen ditu! Baina nik nire amona ulertzen dut, eta euskaraz hitz egin behar badiot, sekulako keinu eta imintzioak egingo dizkiot, antzerkia alegia, hobeto uler dezan. Eta niri begira gozatuz jartzen denean, xelebre samarra izango naizela datorkit burura. Xelebrea izango naiz, bai, baina gurasoez gain, berak ere asko maite nauelako, hizkuntza bat menperatu eta bestea ia-ian dudalako, bere begiek ere hitz egiten dutelako.
Eta egunen batean amona izatera iristen banaiz, biloba bila eskolara joandakoan ez naiz atzean geratuko, guztien solasean sartzeko gai izango naiz, edonoren diosala ulertu eta erantzuteko prest. Ataritik gertu egoteko moduan naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!