Gaur eskolatik ateratakoan zain izango dut attona, eta ordurako bukatu behar dut beretzat egiten ari naizen marrazkia. Nire attonari asko gustatzen zaizkio pilota partiduak eta horregatik ari naiz frontoia berdez margotzen. Handia egin diot eta orain lanak ditut guztia berdez pasatzen. Bera ere handia baita; munduko attona-amona fenomenoenak ditut.
Amonari ere marrazki batzuk egin dizkiot aurreko egunetan: bi katu bibote luze-luzeekin, buruan zapia duen dantzari bat, eta kroketak. Azken hauek, berari ez dakit, baino niri behintzat asko gustatzen zaizkit bere eskuetatik pasatakoak. Nik ez dakit nola goxatzen dituen, tira bai, ni goxatzen nauen bezala. Ez dakite zer egin, gurasoak ez dauden une hauetan, nire beharrak ondo baino hobeto asetzeko.
Nire attonaren magala ez da arantzadun aulkia prexixo. Bazkalostean berak hartuko nau bere altzoan eta bizpahiru bertso kantatuko dizkit, baita eskolako pasadizoren bat ere, edo baserriko txakurrari gertatutako zerbait. Nik uste dut batzuk asmatu egiten dituela, konturatzen naiz; handia bainaiz, baditut lau urte jada. Eta gero bost. Horregatik irabazten diot pelotan; eta ez dit irabazten uzten, e!
Horretan gabiltzala, eta telebistari begira jartzen bada, lo hartuko du nire attona autentikoak sofan eserita. Lasai, amonak hartuko du lekua berehala, bere magalak, hobeto esanda. Bi edo hiru abesti seguru ditut. Ahots polita du gainera. Gero pasilloan gol batzuk sartuko dizkiot baloi bigunarekin eta eskolan txintxo ibiltzeko esango dit abiatu aurretik.
Eskerrak nire attona-amonei! Zein dotore zaintzen nauten! Oilarrak egunsentia baino hobeto! Izan ere, nire amaren lanorduek ez baitiote arratsaldea arte nirekin egoten uzten. Eta nire aita egun eta gau askotarako joan da kanpora lanera. Ikusten dut tarteka, baina ordenagailuko pantailan, eta ez da gauza bera. Gabonetan etortzen denean, jango dut musuka, turroia ahaztuta.
Bukatu dut azkenean frontoia berdez pintatzen. Nekatu naiz. Eskerrak bi eskuak txandaka erabili ditudan. Hortxe dago bera. Latz poztuko da. Bai horixe! Attonaaa! Zuretzat egin dut marrazki hau.