Mitoaren garaiera, herriaren argitara

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Azpeitia 2020ko ira. 13a, 07:58

Migel Joakin Eleizegi Ateaga Altzoko Handia-ren hezurrekin zer egin erabaki eta ondo babestu aurretik, Altzoko herritarrei erakutsi zaizkie. «Handia eta herria bidetik doaz», dio Txomin Rezola Altzoko alkateak. Aurkikuntzak, gainera, argi utzi du ez direla sekula banandu, eta iraileko lehen egunetan aurrez aurre elkartu dira berriro plazan, hurrengo pausoak zehaztu artean.

Belaunaldiz belaunaldi entzun den istorioa izan da Migel Joakin Eleizegi Ateagarena, Altzoko Handiarena. 2 metro eta 42 zentimetroko garaiera izan zuen, eta altuera horrek baldintzatutako eta bideratutako bizitza eginda, bere altueraren neurriko mitoa haziz joan da: non ote Altzoko Handiaren arrastoak?

Zurrumurruak zurrumurru, 160 urteren ondotik, egia jakin bakarrik ez, eta ikusi egin ahal izan dugu. Abuztuan Altzoazpiko hilerrian bertan aurkitutako bere hezurrak Altzoko herritarrei erakutsi zaizkie hilabetearen hasieran. Hezurrekin zer egin erabakitzeke dago oraingoz.

Altzoko Handia, herritarren aurrean

Mugarria izan da 2020ko uda Altzoko Handiaren istorioan. Hainbatetan entzundako istorioari zenbait lerro gehitu zaizkio; edo beste zenbait kendu. Asko izan dira Migel Joakin Eleizegiren gorpuzkien inguruan zabaldutako hipotesiak, baina bakarra gailendu da Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako aurkikuntzari esker: 1861ean lurperatu zutenetik, Altzoazpin egon dela Handia, etxean.

Abuztuan egindako aurkikuntzaren xehetasunak altzotarrei eman zaizkie hilabete honen hasieran. Jende dezente elkartu da interpretazio zentrotik behera dauden petriletan, azalpenak entzuteko eta, batez ere, hezurrak ikusteko.

«Altzoko Udalak Gerra Zibil garaian eta Frankismoaren lehen urteetan gertatutako Giza Eskubideen urraketen azterketa bat egitekoa asmoa hartu du», hasi da azaltzen Altzoko Udaleko Karmen Murua zinegotzia: «Azterketa hori egiteko beharrezkoa da hainbat artxibo arakatzea, eta lan hori Aranzadik egingo duenez, hemen izan dugu aurreko hilabeteetan Karlos Almortza historiagilea, herriko udal artxiboa aztertzen».

Almortzak eta udaleko langileek kafea hartzeko egiten duten geldialdian atera zen Altzoko Handiaren gaia: «Datu zehatzak hartzerakoan, zer geneukan? Altzoazpin lurperatu zela 1861ean; dokumentua genuen, eta hau da genekien gauza ziur bakarra», dio Almortzak. Lapurtua izan zela, erosiak izan zirela, Madrilen zeudela, Londonen, Parisen... horiek frogatzeko ebidentziarik ez zegoela azaltzen du Almortzak, eta, beraz, zegoen ebidentzia bakar horretatik abiatzeko ideia gorpuztu zen kafe tertulia haietan. Handik egin zen udalera proposamena: «Udal taldeak egokitzat ikusi zun lan horiek egitea, eta Aranzadiri eskaera egin zitzaion bilaketa lan horiek egiteko», jarraitu du Muruak.

Aurkikuntzaren berri eman du Aranzadi Zientzia Elkarteko Lourdes Herrastik ere herritarren aurrean, eta Pako Etxeberriaren laguntzaz erakutsi dituzte Migel Joakin Eleizegiren hezurrak. Aldamenean izan dira Handiaren ondorengoak ere: «Pozik gaude bertan agertu direlako», azaldu du Pilar Unsain senitartekoak. Oraindik hezurrekin zer egin zehazteko dutela aipatu du.

Karmen Murua zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkio familiari «pazientziaz eta eskuzabaltasunez erantzun duelako», eta indusketan aritu den taldearen lana nabarmendu nahi izan du: «Opor garaiko egunak horretan pasa zituzten, otorduaren truke. Zorionak», esanez agurtu du ekitaldia.

Altzotarrek, haurrek zein helduek, Migel Joakin Eleizegi bertatik bertara ezagutzeko parada bikaina izan dute.

Altzoko Handia, denon ahotan

Handiarekiko interesa izan duten sortzaile eta ikertzaile horietako zenbaitek ez diote Eleizegi bertatik bertara ikusteko eta herritarrekin momentua partekatzeko aukerari uko egin nahi izan, eta irailaren hasieran egindako ekitaldian izan dira.

David Azurzak, Koldo Izagirreren testua oinarri hartuta, opera osatu zuen etxeko txikienentzat. Aurkikuntzaren berri izan orduko, Azurzak Izagirreri idatzi ziola aipatu du, eta, operari erreferentzia eginez, lapurrak eta piratak ez egonda, agian amaiera aldatu behar zitzaiola esanez zirikatu zuela.

Aitor Arregi Handia filmaren zuzendarietako bat ere Altzon izan da. Aurkikuntzak eragin dezakeenaren inguruan bere iritzia eman du: «Elkarrizketatan beti esaten genuen sentitzen genuela gure lana Migel Joakinen mitoaren hazkundearen azken zentimetro horiek zirela, eta handitzen jarraituko zuela. Nik uste dut, honek suposatzen duela, batetik, 'istorioa horrelaxe da' esatea, eta, bestetik, bere mitoa handitzen jarraituko duenaren sentsazioa ematen dit». Handia filmaren ekoizpenak hurbileko egin dizkiete Moriarti ekoizpen etxekoei bai Altzo, altzotarrak eta baita Migel Joakin Eleizegi: «Hau berezia da. Honek guztiak hunkitu egiten gaitu. Ez gara zuek (altzotarrak), baina zuen parte sentitzen gara, hiru urtetan Handian lanean aritu garelako; eta hiltzen garen arte, uste dut, konpainia egingo digutela Migel Joakinek eta istorio guztiak».

 

Luis Angel Sanchez Gomez, Madrilgo Unibertsitate Complutenseko kultur antropologia irakaslea eta El gigante de Altzo argitalpenaren egilea ekitaldian izan da. Aurkikuntzagatik pozik dagoela esan eta Altzoko herriari eskerrak emanda, Eleizegiren bizitzaren inguruko hausnarketa ere egin du: «Ez dut uste esplotatutako pertsona izan zenik; Altzon geratuta ziurrenik ezertarako baliatuko ez zituen mugak eta abantailak aprobetxatzen jakin zituzten bere familiak eta berak».

 

«Handiarenak ere bat egiten du memoria historikoaren helburuekin»


Pozgarria eta garrantzitsua izan da Altzoko Udalarentzat aurkikuntza ez ezik, aurkikuntzaren berria emateko herritarrei zuzendutako ekitaldia egitea: «Aurkikuntza egin zenean eman zen prentsaurreko bat; prentsa gerturatu zen, eta herritarren bat edo beste ere bai, baina guretzat oso garrantzitsua zen herritarrei hezurrak bertatik bertara erakusteko aukera ematea, segur aski, ez dutelako berriro ere aukera hori izango», azaldu du Karmen Murua zinegotziak: «Hezur horiek babestu eta gorde egin beharko dira, eta ez dira inoiz inon ikusgai jarriko; ez da sakonki pentsatu eta ezer erabaki horren inguruan, baina, izatekotan ere, erreplikak izango lirateke, ez hezurrak beraiek».

Erabaki horretan, noski, senitartekoek badute zer esanik: «Familiarekin hitz egin behar dugu; kide batzuekin hitz egin dugu, baina familia handia da. Handia Altzoazpin jaio zen, han bizi izan zen, eta han hil zen. Bere nahia han lur ematea izan zen. Niri iruditzen zait hori errespetatu eta Altzoazpin lurperatu behar dugula», aitortu du Txomin Rezola alkateak. Familiaren iritzia eta nahia jakitea nahitaezkoa izango dela azpimarratu du Muruak ere, eta gehitu du «Aranzadikoek, egin duten bilaketa lanetan, dokumentazio grafiko asko jaso dute; horrekin zerbait egingo ote den ere hitz egin behar dugu».

Altzoko Udala izan da bilaketaren sustatzaile, Karlos Almortza historiagile eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak eraginda. Muruak gogoratu du, hala ere, aurreko udal taldeak egin ziela Aranzadikoei Migel Joakin Eleizegiren arrastoen inguruko galdera lehenago: «Antza denez, Handia filmaren inguruan sortu zen ikusmirarekin, aurreko udal taldeak egin zuen kontsulta bat Aranzadira. Aipatu zen Pariseko giza museoan badagoela pertsona handi baten hezurdura bat, gutxi gorabehera neurri horretakoa eta identifikatu gabekoa, eta, agian, hori izan zitekeela bidea: haren DNA aztertzea eta familiarenarekin alderatzea». Oraingoan, Almortzak aholkatutako ebidentzia abiapuntu hartuta, bilaketak emaitza izan du: «Ustekabeko emaitza izan da», aitortu du Muruak. «Ni neu nahiko eszeptikoa nintzen, gaitzak berak berekin zuen osteoporosia handia zelako, eta agian hezurrak deseginda egongo zirela pentsatzekoa zelako».

 

«Memoria historiakoarekin lotuta ere badago hau, ezta?», gehitu du Rezolak: «Karlos [Almortza] memoria historikorako lana egitera etorri zen Altzoko Udalera, eta niri iruditzen zait hau ere lotuta dagoela. Memoria historikoaren helburuak dira egia, justizia eta erreparazioa, eta orain Handiaren inguruko zurrumurru horiek amaituta, balorea eta justizia eman behar zaio Handiaren bizitza horri, osoari».

«160 urte horrela pasatzea... etxean zegoela jakin gabe», amaitu du Rezolak : «Handia guretzat ikurra da: gure ikurra. Handia eta herria bidetik doaz». Eta aurkikuntzak agerian utzi du ez direla inoiz banandu: «Altzoren izena mundu osoan zabaldu du, eta hori eskertzekoa da».

 

«Apartekoa; handia zen heinean, handiak behar genituen topatu»

Azkarra izan da prozesua: bilaketarako proposamena egitea, hastea eta emaitza lortzea aste gutxiren buruan gauzatu da. Maiatzean hasi zen Almortza Giza Eskubideen urraketen inguruko azterketarako Altzoko udaletxeko artxiboan lanean, eta, ordutik uztailera bitartean gorpuztu zen bilaketa hasteko asmoa. Almortzaren bidez Lourdes Herrastiren eta Pako Etxeberriaren taldearekin harremanetan jarri ondoren, uztailaren 30ean egin zion Altzoko Udalak eskaera ofiziala Aranzadi Zientzia Elkarteari. Familiarekin hitz egin zuen aldez aurretik udalak, eta herriko erretoreari ere baimena eskatu zitzaion Altzoazpiko hilerrian lan egiteko.

«Inork ez zuen trabarik jarri, eta oso azkar joan da dena», azaldu du Karmen Murua Altzoko Udaleko zinegotziak: «Uste genuen udazkenean edo izango zela, baina abuztuan hasiko zirela esan ziguten Aranzadikoek, hemen izango baitziren indusketan gustura parte hartuko zuten zientzia munduko beste kide batzuk». Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak aipatu ditu: Morris Tidball-Binz, Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeko mediku forentsea; Rafael Yuste, neurobiologo entzutetsua; eta Xabier Uribe-Etxebarria, Sherpa adimen artifizialaren inguruan aritzen den enpresaren sortzailea. Otorduen truke aritu dira lanean Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak.

«Abuztuaren 12an hasi ginen», gogoratu du Herrastik. Altzoazpiko hilerrian Handiaren familia lurperatu ohi zen hilobian hasi ziren lanean: «Lehen zundaketan zoruraino iritsi ginen, metro bateko sakoneran; hor ez zegoela konturatu ginen, eta hezurtegian begiratzeari ekin genion». Izan ere, inoiz hilerrian hilobiratua izan bazen eta gerora atera, lurperatzaileak hezur horiek hezurtegira bota zituelakoan zeuden. «Gure helburua aparteko hezurrak topatzea zen. Apartekoa; handia zen heinean, handiak behar genituen topatu».

Abuztuaren 14an, arratsaldez, topatu zen hezurtegian ez-ohiko neurria zuen lehen hezurra: besokoa, humeroa. «Hura izan zen lehena. Hezurrak ateratzen jarraitu genuen, jada ilusio izugarriarekin, bagenekielako gehiago egon zitezkeela. Denok ezaguna genuen Altzoko Handia, eta denontzako zen gustu handiko enpresa», azaldu du gero Herrastik.

Alkateari jakinarazi zitzaion eta hark senitartekoei: «Berria zela eta, Pilarrek [Unsain, Altzoko Handiaren ondorengoa] kanpaiak jo behar zirela esan zuen. Hezurtegian lanean ari ginela, entzun genituen kanpaiak; aurkikuntzaren berri izan zuten denek horrela», gogoratu du Herrastik.

«Hezurtegian lanean ari ginela, entzun genituen kanpaiak; aurkikuntzaren berri izan zuten denek horrela»

Hezurrak banan-banan kokatzen joan da Herrasti herritarren aurrean egindako ekitaldian: «Hauek dira ekarri ditugunak, baina gehiago daude. Ornoak ere topatu ditugu, beheko aldeko ornoak, eta nabarmena da gaixotasun izugarria zuela, artrosiak jota zegoelako. Bizkarrezurrak bere zama pairatu zuen; bizkarra benetan hondatua zeukan», argitu du Aranzadikoak: «Istorioak dio minez kexatzen zela, eta, segur aski, min handia izan zuen».

Tamaina deigarriari erreparatuta, proba genetikoa egiteko beharrik ez dagoela azaldu du: «Zalantzarik ez dago. Ezinezkoa da beste norbait izatea», baieztatzen du Herrastik. Aurkikuntzak eman dezakeen informazio bilketan jarraituko dute, beste alor batzuetako adituekin ere lanean.

 

64 zentimetroko femurra

Humerotik hasi eta pixkanaka Migel Joakin Eleizegi Ateagaren hezurdura osatu du Aranzadi Zientzia Elkarteak bilaketa lanak aurrera egin ahala; herritarrei zuzendutako ekitaldian, tamaina errealean eginda zegoen marrazkian beltzez markatutako hezur guztiak dira topatutakoak.

«Aurkitu genuen humeroa; aurkitu genuen femurra. Femurra konturatzen bazarete izugarri handia da. 64 zentimetro ditu», azaldu die Herrastik herritarrei hezurrak erakutsiz; ez-ohiko neurriaz jabetzeko zenbait hezur ohiko neurria dutenekin alderatu ditu.

 

«Hezurdura osoaren adibideren bat daukagu», azaldu du Herrastik: «Falangeak ez ditugu, baina oso normala da hori, lurperatu eta berriro kanporatzean, gehienetan baztertu eta galdu egiten diren hezurrak tamaina txikikoak izaten direlako; horiek dira ez daudenak».

Hezurren egoera ona, oro har, aipatzekoa da: «Batez ere kontuan hartu behar dugulako, lurperatuak izan zirela eta gero atera egin zirela, desartikulatu egin zela eskeletoa eta hala jarri zituztela hezurtegian. Mugimendu horiek guztiek kaltetu egiten dituzte askotan hezurrak». Are gehiago, zeukan gaitza aintzat hartuta: «Jatorriz jada ahulduta zeukan hezurra, osteoporosia. Kasu honetan, nahiko egoera onean topatu ditugu hezurrak. Sorpresa bat izan da, onerako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!