Koronabirusa

Aire zabalean egiteko aukera

Julen Alzelai ezkerrean, beste bi kiderekin batera. ITURRIA>J. ALZELAI

Taloen postua jartzen dute ezkontzetan Ekotalokoek. Orain dela lau urte egin zuten lehen proba, eta handik urtebetera eman zuten behin betiko pausoa. Ohiko taloetatik haragoko apustua egin nahi zuten, eta kutixientzako tokia topatu zuten ezkontzatan. Gogoan ditu, esate baterako, Azurmendi jatetxean lehen ezkontza hartan egindakoak: «Hirugiharra txokolate beltz-beltzarekin, edota onddoak eta barazkiak ahuakate saltsarekin eta tipula kurruskari batekin. Horrelakoak ziren benetan egin nahi genituenak», azaldu du ekimenaren sortzailea den Julen Altzelai alkizarrak.

«Hiruzpalau ordu lehenago agertzen gara ezkontzara. Masa nola egiten dugun eta talorako osagaiak nola prestatzen ditugun begira izaten ditugu ezkontzakoak; jendeari ikaragarri gustatzen zaio». Hiru motatako zerbitzua eman izan dute: bazkaria eman duen jatetxera joaten dira afaria eskaintzera; bazkariaren aurretik izaten den koktelera; edota otordu nagusia eskaintzera, postu ezberdineko jakiekin eta edariekin egiten denean. «Lursail bat, baserri bat, postu ezberdinak... azken mota honetakoak gutxiago izan ohi dira, baina urtetik urtera gehitzen doaz. Ekonomikoagoak ateratzen direlako maiz, eta politak izaten direlako», deskribatu du.

Egoera honetan, gainera, aproposa izan daiteke: «Gurea egia da kanpoko gauza bat dela, eta alde onak eta txarrak izan ditzake. Batetik, urtearen bukaera aldera zailagoa izan daiteke, baina, tira, ezkontza gehienak maiatza eta urria bitartean izaten dira. Bestetik, aire zabalean izanda, egungo egoerarako oso egokia izan daiteke, kanpoan delako eta jendea errazago ibil daitekeelako elkar ukitu gabe», kontatu du Altzelaik.

Agenda mugitu zaie beraiei ere aurten: «Maiatzean bi ezkontza genituen, eta ekainean eta uztailean hiruna ezkontza; abuztuaren amaieran ere badaukagu bat. Datorren urterako bost atzeratu zaizkigu». Egunean-egunean ari zaie zerrenda eguneratzen. Gauza bera, parte hartzen duten bestelako azokekin.

Normalean bizpahiru lagun joaten dira ezkontzatara, baina hogeita hamabost bat dira guztira Euskal Herri guztian barreiatuta, beren ohiko egitekoaren osagarri. Maila handiagoan ala txikiagoan, guztiengan izan du eragina egoerak, noski, baina bestelako lanak egiten jarraitu dute: «Aurreko astean, adibidez, artoa ereiten aritu ginen Urduñan. Hurrengo batean, jasotzeko beste talde bat antolatuko gara», azaldu du. Taloa egiteko orearen prozesu osoa ondo zaintzen dute. Bestalde, ideia berriak ere badituzte, eta horiei forma ematen aritu dira: «Jendeak bere etxean taloak egin ditzan erraztasunak emateko ideia darabilkigu, edota erdi prestatuak jasota egin ditzan. Lantoki txiki bat sortu dugu horretarako», azaldu du, pasioz, Julen Altzelaik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!