Koronabirusa

Mugitutako ezkontza handiak, datorren urterako

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Azpeitia 2020ko uzt. 5a, 08:00
Garazi Dorronsoro bere loradendan, Zizurkilen. A. GOIKOETXEA

Argazkiak, loreak, gonbidapenak... ezkontza berrantolatzen jarraitu, eta Abeletxetik Zizurkilgo Elbarrenara jaitsi gara. Metro karratu gutxitan, Zizurkil eta Amasa-Villabona udalerrietan bakarrik, ezkontzetan modu batean ala bestean aritzen den hainbat profesional dago.

Horietako bat da Garazi Dorronsoro. Zizurkilen duen Garazi loradendara jo dugu. Loreen urtaroa da udaberria, baina koloretsua behar zuenak...: «Martxoan itxi behar genuela ikusi genuenean, eta lore garaia hasten zela, dena beltz-beltza ikusten genuen», aitortu du Dorronsorok.

Loreak nonahi izaten dira ezkontzatan, eta hala gogorarazi du: «Ezkongaiaren lore sorta, ibilgailuko apainketa, eliza edo udaletxea, argazkilaria etxera joaten bada ezkongaiaren etxea, petaloak ezkongaiek egin beharreko bidea apaintzeko, haurren diademak eta eskumuturrekoak... asko mugitzen du ezkontza batek».

Alarma egoera ezartzeko ordu batzuk baino falta ez zirela, martxoaren 14an bertan ospatu zen ezkontza baterako loreak prestatzen aritu zen: «Etxeko lorategian ezkondu ziren; bestela ere, aurrez, hala egitea zeukaten pentsatuta». Gau hartara arte ez zen alarma egoera ezarri, baina jada giroan zerbait zetorrela sumatuta, egun horretan ixterakoan kartela jartzeko hitz eginda zuen lankidearekin.

Lauzpabost ezkontza izan dira dataz mugitu direnak: «Udaberrian eta uztailean zirenak datorren urtera arte atzeratu dituzte, behintzat ezkontza handiak zirenak». Txikiagoen kasuan, lekua aurkitzeko aurreikuspen gutxiagorekin joka dezaketenez, udazkenean zer gertatuko den ikuskizun, zain daude. «Egun handia» noiz iritsiko geratu diren zenbaitek, bitartean, jatorrizko egunean ospakizun xumeago bat egin dute etxean: «Asteburu honetan ere berez bageneukan ezkontza bat: lore sorta bat eraman zuten, familiako bazkaria egin baitzuten». Agendan duen hurrengo ezkontzaz galdetu diogu: «Abuztuan daukadan ezkontza bat aurrera doa. Jatetxea handia da eta gonbidatuen artean distantzia gordetzeko arazorik ez dute ikusten». Irailean eta urrian berarekin hitzartutako ezkontzek ere bere bidean jarraitzen dute.

Udaberria loreen garaia izanda ere, genero aldetik urte guztian ez dago arazorik. Gainera, normalean, ez da lore jakin batekiko eskaera irmorik izaten: «Jende askok nire esku uzten du: kolore tonua esanda, bat edo beste adosten ez da eragozpenik izaten». Hornitzaileei eskaera astebete lehenago egiten zaie gutxi gorabehera, beraz, alde horretatik erraztasun handia dauka loradendak.

Udazkenean ezkontza zenbait izateaz gainera, bada loradendetan gorriz ondo biribilduta izaten duten eguna, eta orduan eskaera dezente lehenago egin behar izaten diete hornitzaileei: «Santu Guztien Eguna da azaroan. Urriaren erdialdean hasi eta ordura arte erabat lanean aritzen gara. Horretarako jada eskaera urriaren hasieran egin behar izaten dugu. Nor arriskatuko da eskaera potolo hori egitera? Ekoizleak ere ez dakigu aurreko urteetan bezainbeste landatzera ausartuko ote diren. Ikusi egin behar», aitortu du Garazi Dorronsorok.

Loradendatik atera eta Villabonarako zubia pasako dugu. Kale Berrian topatuko dugu Karlis argazki denda. Han topatu ditugu lanean Karlis Medrano eta Maxario Arregi.

Alarma egoera ezarri eta astebetera ezkontza baterako erreportaje bat zeukaten hitzartuta: «Bertan behera utzi behar izatea kolpe handia izan zen, bikotearentzako, gonbidatuentzako eta ospakizunaren antolaketan bertan ari diren guztientzako», azaldu du Medranok. Datorren urterako hitzordu batzuk lotu ditu dagoeneko, eta ixteko ditu atzeratu diren beste batzuk: «Zuhurtzia handiarekin ari dira jokatzen bikoteak data berri bat zehazterakoan».

Karlis Medrano: "Berriro guztiok data berean bat egitea oso zaila da, eta horrek bateren bati lan hori bertan behera geratzea dakarkio"

Gainera, zenbaitetan atzeratu ez eta bertan behera geratu behar izan dute lanek: «Gremio asko gara data berean elkartu behar garenak: jatetxea, eliza edo udaletxea, argazkilaria,... berriro guztiok data berean bat egitea oso zaila da, eta horrek bateren bati lan hori bertan behera geratzea dakarkio».

Ezkontzak urte guztian izaten dituzte: «Ezkongaien lanbidearen arabera eta kanpoko gonbidatuak badituzte, beste data batzuk ere izaten dira. Hobeto egokitzen zaienaren arabera. Urte Zaharrean ere egin dugu, noiz edo noiz», gogoratzen du Arregik. Badira, ordea, garai honekin oso lotuta dauden jarduerak: «Estudioko lanak, jaunartzeak eta ezkontzak, lasterketarik ezean egin ezin daitezkeen txirrindulari aldizkarietarako lanak... bertan behera geratu dira. Urteko fakturazioan zati handi bat hartzen duten enkarguak izaten ditut garai honetan», aitortu du argazkilariak.

 

ETXERAKO JARDINERAK ETA ARGAZKI DEKORAZIOA

Maiatzean beren dendetako ateak ireki, eta eskaera handia izan dutela azaldu dute Dorronsorok, Medranok eta Mujikak. «Ez dugu esango inondik inora sekulako salmenta egin dugunik, baina, geldirik egon eta gero, bezeroek oso erantzun ona eman dute eta eskerrak eman nahi dizkiet ditugun bezero horiei. Alde horretatik oso gustura gaude, denda txikiak babesteko kontzientzia hartzeko momentua da», azaldu du loradendakoak.

Etxean emandako denborak izan du eraginik arrapaladan etorritako eskaera horretan: «Etxeari arreta handiagoa jarri diote askok. Balkoian lorerik ez zeukan jende asko animatu da etxean jardinerak jartzera», erantsi du Dorronsorok.

Karlis Medrano eta Maxario Arregi. A. GOIKOETXEA

Karlis argazki dendakoek ere eskertu diete leialtasuna beren bezeroei, eta nabaritu dute itxialdi osteko eskaera mota hori: «Hasieran jendeak argazki pila bat ekarri dizkigu: urteetan kasurik egin gabeko argazkien bilketa egin eta 200 bat argazki ekarri dizkigute kolpetik lanen bat egiteko», azaldu du Arregik. «Argazki dekorazioaren eremua ere indar asko hartzen ari da, eta horretan ere ari gara», erantsi du Medranok.

Irekitzen hasi ziren lehenetarikoak izan ziren ile-apaindegiak: «Lehen kolpeko eskaera premiari loturikoa izan zen. Inork ez zuen itxura aldaketa bat proposatu. Orain bagaude pixka bat zain, ea jendea gauza ezberdinetarako animatzen den», azaldu du Mujikak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!