Heldu zaigu

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Azpeitia 2018ko urtarrilaren 20a

Adinez nagusia egin zaigu.  Lehenago hartzeko ardurak ere badauden arren, 18 urteak badira mugarri, erantzukizun mailan edo zenbaitentzat autoko karneta ateratzeko bada ere behinik behin.

Duela ia bi hamarkada bere iritsieraren atarian denok ginen urduri: berritasunak, ezezaguna denak, eragiten duen kezkaz begiratzen genion erditzear ginen hari. Ongietorria emateko prestatu ginen, geldiezin, denborak aurrera egin ahala ezinbestean gure artera zetorren-eta. Lehen aldia genuen, berriak ginen gu ere horretan, eta elkar egokitzen ikastea egokitzen zitzaigun.
Iritsi zen eguna. Ospatu genuen haren etorrera. Buruhausteak ere uste baino gutxiago, informatikariren bati digitu aldaketak lo orduak kendu bazizkion ere.
Eta hazi zaigu; begiak kliskatzerako 18 urte. Milurteko aldaketa hura atzoko kontua bezala oroitzen dugu batzuek; aspaldiko zerbait bezala besteek. 18 urteok modu ezberdinean bizi izan ditugulako denok ere. Heldu zaigu adin heldura, baina ez diezaiogun zama handiegirik eman; 2018ak ekarriko ditu ezustekoak, baina gure onena ere erakuts diezaiogun bere onena eman dezan.
Urte berri on!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!