Seguru?

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Azpeitia 2017ko irailaren 10a

Neurria ez omen da garrantzitsua. Baina, esaiozu hori aitonak emandako txokolatezko palmera bitan egin eta zati handiena hartzen duen arrebari begira geratzen den neba txikiari.

...sukaldean mikrouhin labea, txigorgailua eta garbitu berri dituen ontziak, dena batera sukaldeko mahai gainean sartzeko ahaleginean dabilen malabaristari.

...udan herria bete zaionari.

...aste eta erdirako oporretara eraman duzun maleta eskukoa dela baieztatu diozun aireportuko teknikariari.

...azukrerik hartu ez, baina lagunaren lagunak zerbitzatutako 10 azukre koilarakadun ebakia hartu behar dituen lagun lotsatiari.

...hilabete honetan duen ezkontzarako eta uda aurretik erositako trajea gerrialdean estu samar geratzen zaiola konturatu den aita pontekoari.

...musikaren neurria gehiegi jaitsi eta jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan duenari.

...oh, nola ez, Twitter erabiltzaileari.

...hiru orduko hitzaldia, orrialde bateko bazterreko zutabean sartu behar duen kazetariari.

...ikasturte berrirako liburu, biola eta judoko arropa bizkar gaineko zorroan eraman behar dituenari.

...Altzoko Handia zenari; eta hark zein beste euskal ekoizpenek Zinemaldian izango duten tokia miresmenez begira dagoen euskal zine zaleari.

Eta zein oreka zaila esan beharrekoa neurrian esatea; eta neurri batera doitzea; eta saio horri neurria hartzea. Laster jarriko diogu neurria Bertsolari Txapelketa Nagusiari. Badator udazkena...

Neurria ez omen da garrantzitsua. Seguru?

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!