Hauts birtuala balego, ez litzateke karpetaren kartoi xaharra erraz ikusiko. Gaurkoan, ordea, ezin du horretan denbora galdu: gaur bai, gaur xuxen-xuxen egin beharrekoa egingo du.
Botoi urdinari klik eman eta di-da batean espazio amaigabera joan da: galaxiaren handitasunean galdu eta noraezean dabil, edozein izarrekin edota zulo beltzean erortzeko arriskuan. Postak erakarri du lehendabizi. Sare sozialetako alertak zabaldu gabe ezabatu eta deskontuak iragartzen dituzten mezuak iragazi: hau bai, hau ez, hara! Ederra mugikorra... belztuta dauden mezuak amaitu arte. Albisteak orain. Lipdub-a. Bengoetxeak txapela. Kataluniako... Pii-Pii! Izar iheskorra, whatsappa. Herriarteko bertsoaldiak Bertsoaren galaxian. Ikusi eta bai, gero bai,... gero egingo du. Telefonoa. Stop. Anaiarekin asteburuaz berriketaldia. Berriro play, amaitu arte. Espazioko aurreikuspenen arabera, ez du eguzkiak erreko, urrun dabil: bihar eguraldi kaxkarra omen. Ikus dezagun etzikoa...
Ura gainezka; sua baxuago jarri. Gatozen lurrera; nahikoa izan da gaurkoz. Ohera bidean gogoratu da gaur ere ez duela egin. Galaxia amaigabera egin du joan-etorria, jatorrizko lurra ahaztuta. Ekaina, oporrak gainean. Eta eskerrak.