Gabonetako oparia berandu iritsi zenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Azpeitia 2017ko urtarrilaren 22a

Neurrigabeko otorduak, senideen opariak, kuadrillako lagun ezkutuak... horren ajea dator gero urtarrilean, aldapa delakoa.

Behetik gorako bidearen aldean, goitik beherakoa hartzen dute beste batzuk halabeharrez sasoi honetan, lehen aldiz munduratzeko. Hala egin duzu zuk, Ibai, zure izenari men eginez aldapa umelean behera egin eta mundu ezezagunean itsasoratuz.

Zuretzat gu ezezagun eta guk zu ere sekula ikusi ez zaitugun arren, ikaragarria da duzun erakarpen indarra, amari lotu zaituen zilborresteaz gain harago doan beste lotura, harreman, eta konplizitatea badela argi utziz.

Eta loturak beti esanahi ona ez duen arren, bere zentzurik positiboenean ustiatuko du zure izeba honek. Askea baita ibaia, bizia zenbaitetan, geldoagoa besteetan, baina beti aurrera, bere bidea aukeratuz eta eginez itsasoraino iristen dena. Bide horretan, arduraz neurriko arduragabekeriak egiteko prest izango nauzu, kontatu nahi dizkidazun sekretuak entzuteko eta nik bizi izan ez ditudan esperientziak zure ahotik ezagutzeko.

Eta ospatuko dugu bai, Gabonetako oparia berandu iritsi zenekoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!