Emozioaren gaira etorriz, egia da itzulpen horiek gehienez sor dezaketena zeresana dela. Emozionalki atxikimendu handiagoa lortzen duten itzulpenak badaude, ordea: bikoizketak. Film askotan ikusi ohi dugun aktore bati beste batean ahotsa aldatzen diotenean, ez al zaigu arraroa egiten? Are gogaikarriago, ahots aldaketa telesail berean gertatzen bada...
Zer esanik ez, bikoizketa hori ama hizkuntzan eta haurtzaroan egiten bazaigu. Aurreko batean Joseba Etxebarria bikoizlea gonbidatu zuten Hitzetik Hortzera-ra. Haurtzaroko oroitzapenak piztu zizkidan, niretzat eta orduko hainbat euskal haurrentzat hori baita Son Gokuren ahotsa; Son Gokuren mundua, guretzat, euskaraz den bezalaxe. Eta, orain jakin arren mundu haiek beste dimentsio asko dituztela eta hizkuntza gehiagotan egiten dutela haietan, askoz ere naturalagoa egingo litzaiguke oraindik ere marrazki horiek euskaraz bizitzea.
Jatorrizko hizkuntzan filmak ikustea gauza ederra da, bikoizketan gal daitekeen esanahi sortari eusteko; baina, ama hizkuntzan egin ahal izatea ere bai, bereziki, haurra zarenean. Mila esker euskal bikoizleei mundu horiek hurbilagoko egiteagatik.