'Rewind'

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Azpeitia 2016ko irailaren 25a

Uztaila amaitzerako esan genien agur behin betiko VHS bideokasetei. Orduan utzi zion formatu klasikoaren irakurgailuak egiten ari zen Funai enpresa japoniarrak lan eremu horri. 

Horrelakoetan erromantiko jarri eta nostalgia puntu bat pizten zaigu, kaseteekin edota walkmanarekin gertatu bezala; eta Facebooken «nik ere ezagutu nuen…» taldean argitaratutako postari «atsegin dut» ematen diogu.

Teknologiak aurrera darrai, baina beste hainbat aspektutan etengabeko rewind eta fastforward-ean gabiltzala dirudi, pause botoia ere zenbaitetan sakatuz. Eta atzera garamatzan ariketa horrek ez du gehienetan erromantikotik ezer; euskarak eta euskaldunok azkenaldian entzun behar izan dugunak ez du ez, ezer idilikotik. Ditxosozko bideo hari play eman genionean, gure barrenak rewind egin zuen baina, bizkor, bizkor ernatu gaitu berriro ere aurrera begira jarriz play sakatzeko. Zeresana ematen duten bideoetan gertatzen den bezala, eztabaida guztietan presente dagoen izar bihurtu du protagonista den euskara, eta ea aurrerantzean paper hobeak egokitzen zaizkion mainstream-ean.

Erritmo onean, atzera egin gabe eta hurrengo pausua pentsatzeko baino ez geratuz, ea streamingean goazen, rewind-ak bideokasetei utzita; edo, tira, DVD eta Blu-rayei aurrerantzean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!