Marmotaren Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Azpeitia 2016ko uztailaren 3a

Berriro izan genituen bozak pasa den igandean eta berriro hauteskundeetan izaten diren errituak: segituan gosaltzera joango zenaren esperantzan goizean agertu den bigarren ordezkoaren aurpegi goibela, aurreko biak agertu ez eta mahaian geldi; EHNArekin bozkatzerik izango ote duen jakiteko mahaian presidente zein duen begiratuz hurbiltzen den hauteslea; emaitzetara hurbiltzen ez diren inkestak…

Baina bozkatzera joaten den bezain ohiturazkoa bihurtu da bozkatzera ez doana: «Zertarako joan bozkatzera?! Denak dira-eta berdinak»; «bat edo beste… ez dut ulertzen eta ez naiz joango». Eta errezeloa dut gero eta gehiago direla mota honetako iruzkinak hitzetik hortzera darabiltzatenak.

Euskal Herriko hegoaldeko kasura etorriz, izan espainiar estaturako edo Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak, behin eta berriz errepikatzen diren esanak dira hauek. Eta nik diot… ziur al zaude berdin zaizula bat edo beste egon? Berdin al dio banaketa ekonomiko parekide baten alde ez egiteak? Berdin al dio lanpostu duinak egoteko bidea ez irekitzeak? Berdin al dio euskal hezkuntza sistema ez defendatzeak?

«Politikariek ez dute ezer egiten»; ohiko iruzkina izaten da hori. Eta hori estrapolatuz gero, hauteskunde egunean botoa emanez egin al duzu zuk zure ekarpena? Erabakiguneetan parte-hartzeko beste mekanismo batzuk egon beharko luketen eztabaidan sartu gabe.

Pentsatu… pentsatu azarorako. Bill Murray protagonista duen filma hura bezala, ordea, Marmotaren Eguna errepikatuko zaigulakoan nago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!