Derrigortutako takoiak

Jaka horia ez da azkenaldian sare sozialetan zeresana eman duen janzki bakarra.

Takoiek ere izan dute protagonismoa: ez zapaten euren ezaugarriengatik, eragindako hatz odoldu eta zanpatuengatik baino. Edota berdintasun zanpatuaren alegoriarengatik.

Kanadako Nicola Gavinsek zabaldu zuen bere lagunari ateratako argazkia. Zerbitzari gisa zortzi orduko lanaldiaren ondotik ateratakoa, piki galtzerdien azpia nabari daiteke takoi altuekin oinek jasandako sufrikarioa. Berehala zabaldu da argazkia sarean; Nicola Thorpek abiatutako sinadura bilketa bezainbeste. Britainia Handiko enpresa bateko harreran egiten du lana Thorpek eta hura ere derrigortuta dago bere lanean neurri altuko takoiak ematera. Egoerari aurre egiteko sinadura bilketa abiatu zuen eta gobernuak erantzuteko lortu beharreko gutxiengo sinadura kopurua hiru aldiz gainditu du.

Kasu batean zein bestean euren lana ondo egiteko ezinbestekotzat jo dituzte takoiak euren lantokietan, baina gizonezkoei ez zaie antzekorik eskatu. Argazkia birala bihurtu da; bai, bakteriologian erabiltzen den hitz berbera darabilgu sare sozialetan azkar eta asko zabaltzen dena deitzeko. Argazkia bezain azkar ez bada ere, kutsatzen joan beharrekoa da egoera hau irauliko duen bakteria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!