Bat-batean, anitz

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Azpeitia 2016ko apirilaren 17a

Hitzen ugaritasuna ezaguna zaigu: esanahian, forman, kategorian… gurean eta beste hizkuntzatan. Eurekin sor daitezkeen hitz jokoak maiz erabiltzen ditugu gurean eta hurbilekoak zaizkigu hauek errimaz eta doinuz lagunduta doazenekoak.

Dohain hau, ordea, askoren artean banatu zen Babeleko dorrean. «Bertsolariak» han eta hemen ditugu.

Mintzola Ahozko Lantegiak inprobisatzaile eta adierazpide horiek harremanetan jartzen ditu. Lantegiko makinaria jo eta su ari da, bihar hasi eta datorren larunbatera arte Euskal Herrian izango diren kantu inprobisatuaren nazioarteko saioei azken ukituak ematen. Astebetean euskararen lurraldea zeharkatuko dute jatorri ezberdinetako inprobisatzaileek, bakoitza bere adierazpidearekin, bere inprobisatzailearekin, bere hizkuntzarekin. Kantu inprobisatuen aberastasuna ezagutuko dugu, baina hitzen kultur sorkuntza hori etengabe eragiten ari den hizkuntza, lurra eta errealitatea ere bai.

Lantegiko artisauek lanean jarraitzen dute. Langintza ez da hemen amaitzen. Apirileko saio hauen aurretik, udazkenean, egin ziren emanaldiak gure mugetatik kanpo eta udaberriko bigarren urrats honek hirugarren bati emango dio bide. Uztailean Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketa gauzatuko da, Europa bat-batean egitasmoa biribilduko duen ekimen nagusia.

Bat-batean izanagatik, ez zaitzala ezustean harrapatu. Ez ezazu galdu mundua askotariko kantuz, errimaz eta hitzez ezagutzeko aukera: bat-batean, anitz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!