Atzera begiratuz, etorkizuna iragarriz

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Azpeitia 2015eko azaroaren 1a

Pasa den asteko asteazkenean 16:29an zen iristekoa Delorean Marty McFly eta Doc bidaiari zituela. Albisteak berak bitxikeria izaera baino ez izan arren, pisu handia hartu zuen. Hedabideek toki nahikoa garrantzitsua eman zioten eta sare sozialek zer esanik ez. Eta gustura, irribarrez, jaso genuen berria.

Back to the future izanagatik, iraganera begira jartzen gaituzte honelakoek; nostalgia eragiten digu oroitzapen goxoen kutxa zabaltzeak. Filma ikusi genuenean non ginen eta nolakoak oroitzea. Etorkizun horretara iritsi garela ikustea eta urteak zein azkar pasatu diren jabetzea.

Nork ez du etorkizuna irudikatzeko ariketa egin noizbait? Urteek aurrera egin ahala non eta nolakoak izango garen pentsatzea. Baina pentsatu bakarrik ez eta etorkizunerako bidea ere egin behar izaten da. Ezusteak medio, zaila da urte batzuen buruan egingo duguna aurreikustea: unean uneko erabakiak hartu, nahi dugun horretarako ahalegina egin eta gauzak ahal bezain ongi bideratu... gero emaitzak ikusi behar. Behintzat, berriro ere 30 urte pasatzen direnerako, urteak azkar pasa badira ere, baliagarriak izan diren sentimendua izan dezagun.

Kuriosoa da 2015.urtea nola irudikatzen genuen ikustea. Ikus dezagun Blade Runner filmak 2019rako egindako iragarpena errealitatera hurbiltzen ote den. Eta guk gurerako egindakoak betetzen ote diren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!