Jolasten

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Azpeitia 2015eko irailaren 27a

Telesketchean idazten dugu oporretatik bueltan: zabar. Eskuak berriro ere arkatzera ohitzea ez da lantegi erraza eta are zailagoa Scrabblean elkarrekin jarritako hizkiak lotzen. Tabuan hasten gara orduan, aldamenekoek oraindik mihi puntaraino iritsi ez zaigun hitzarekin esan behar dugun horretan gu lagunduz. Baina, ez diogu geure buruari herdoiltze honetan denbora luzerik egin dezan uzten.

Irailean estreinatutako koadernoaren lehen orrietan izaten da idazkera txukunena; agenda liburua ere hitzordu guztiekin orduantxe beteena. Monopolyan hasi eta ahalik eta gehiena geureganatu nahi dugu: aerobica asteartez eta ostegunez, ingelesa astelehen, asteazken eta ostiralez, argazkilaritza ikastaroa ostira... oh! Tetrisean, game over.

500 piezako puzzlea azkenean ondo osatuta, batetik bestera txingoka ibiltzea tokatzen da gero. Eta hasieran zapiaren jokoan egokitutako abagune guztietan puntua eraman nahi izan arren, amaierarako ezkutaketan jolasten amaituko dugu, gainezka eginda eginbeharren eguneroko harrapaketan heldu ez gaitzaten.

Utzi zerbait urtarrileko pockerrerako: asmo berrien izenburupean, apustu handiak egiten dira urte hasieran, eta abiatu da jolasa berriro.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!