«Lehen Mundu Gerraren atarian maitemindu ziren Nada eskolako maistra eta Relja ofiziala, Vrnjaãka Banja herrian, Serbian. Betiko maitasuna egin zioten zin elkarri. Gerra lehertu eta Relja borrokara joan zen; ez zen itzuli. Emakume greziar batekin maitemindu eta Nadarekin zuen harremana eten zuen. Nadak ezin izan zion egoerari aurre egin eta maiteminez hil zen. Herriko neskek, Nadaren patua ikusita, euren izena eta maitaleena zituzten giltzarrapoak osatu eta Relja eta Nadaren topagune zen zubian lotu zituzten, patu hura saihestu eta euren maitasuna betikotzeko asmoz».
Hala dio Serbiatik datorren istorioak eta mendea betea duen arren, maitasunaren giltzarrapoen ohiturak bizi-bizi dirau mundu osoan zehar. Maitasunaren betikotasunaren adierazle diren giltzarrapoen kontua Paristik etorri zaigu berriki: Ponts des Arts zubiak ezin izan dio hainbeste maitasuni eutsi. Bere egitura kaltetzen zuen zamak eta segurtasuna lehenetsiz, 45 tonako pisua gehitzen zuten ia miloi bat giltzarrapo kendu dituzte.
Zubiaren egiturari bezala, maitasun erromantikoaren pisuak norbanakoari kaltea eragin diezaioke. Txikitatik hainbat mediotatik heldu zaigun maitasun erromantikoak eredu bat lehenesten du, rolak ezarri, eta hortik kanpo egoteak frustrazioa eragin dezake. Baina betirako ez diren harremanak ere benetazko, egiazko, izan daitezke; ez dugu ezta laranja erdia behar osoak izateko. Osoak gara, berez. Ken diezaiogun maitasunari giltzarrapoaren pisua.