Asteburuetan eta zenbait arratsaldetan euren aisialdikoak diren orduetan, elkarlanean, herri antzerkia prestatzen aritu dira zizurkildarrak: heldu zein gazte, lanbide eta jatorri ezberdinetako bizilagunak,... guztira, 100 bat lagunen topagune izan da herri antzerkia. Denentzako lekua egon da.
Egitasmo honek sormen ariketa bat esperimentatzeko bidea egin du. Baina, batez ere: honelako ekimenek zizurkildarrak batzen dituzte: bizimodu, pentsaera eta testuinguru ezberdinetako jendea. Honelako egitasmoek Zizurkil Goiko eta Elbarrenakoen muga ikusezin baina nabari hori lausotzea dakarte. Herritarrek herriarekiko lotura, konpromisoa, sustatzeko edota berresteko modua ere bada: Otañok ongi zioen moduan «...txoriyak kabiyari naidiyon modura,...». Herritarrek maite duten herriarentzat.
Zizurkilen sorrera izango du oinarri antzezlanak, 400. urteurrena baliatuz. Datorren astean izango da lan saio horien emaitza ikusteko aukera, eta herritar askok parte hartuko dutenez... ikusleak behar ditugu orain. Gonbidatuta zaudete!