Euskara plazara (edo errepidera) ateratzeko aukera bikaina ematen du Korrikak 10 egun horietan, baina baita euskararekiko babes kontzentratu hori urteko gainerako egunetara zabaltzeko ere; izan ere, AEKrentzat hauspoa ere bada Korrika, eta, era berean, AEK euskararentzat. Korrikako antolaketak aurrera egiten duen bitartean, hainbat irakasle erdal hiztunei euskara irakasten edota euskaldunak trebatzen dihardute, urte osoan bezala. Zeregin horretarako baliabideak ezinbestekoak dira.
Lan horrek aurrera jarrai dezan, zuen ekarpena egitera gonbidatzen zaitut: Korrika lagun eginez zein kilometroa erosiz, kamiseta jantzi eta zuen lankideei esan gauza bera egin dezaten. Eta, noski, zatoz Korrika egitera!
Halloween eta Black Fridaya gero eta ezagunagoa diren arren, tinko eusten diegu gure herriari loturiko ekimenei; eta hala izan dadila. Kantuak ongi dioen moduan, herria eta hizkuntza, “bata bertzea gabe ez daizkela bizi”...ttipi-ttapa, ttipi-ttapa...