Euskarara hiztun berriak batzea gauza ederra da. Ni neu ari naiz nire ekarpena egiten eta atzerritar bati euskara irakasten. Eta ni bezala, beste asko. Hiztun berriak erakartzea bai, baina zaharrei eustea ere garrantzitsua da; zenbaitetan, ordea, euren zilegitasuna ezbaian geratzen da. Euskadi Irratiko oposaketetan, proba baztertzaileak gainditu dituzten azterketak berrikusi ditu HABEk, eta euskara elebakarreko bidean zeuden hautagaien %55 kanpoan geratu dira: EZ GAI dio. Tartean, euskara lehen hizkuntza izan eta hedabideetan euskaraz lanean urteak daramatzaten hainbat lagun. Gazteleraz, aitzitik, erdal elebakarreko multzotik hautagaien %8 geratu da kanpoan, hizkuntza eskolak hala iritzita.
Kezkatibity: beste hizkuntzatan jatorrizko hiztunei eskatzen zaiena baino maila akademiko handiagoa eskatu behar al zaie euskaran bere hiztunei? Garbitasun, zuzentasun eta adierazkortasunaren irizpideak aintzat hartuta, zein da oreka? Ez al litzateke euskaldun hasiberria mirestea bezainbeste zaindu beharko, aspaldi euskaraz bizitzeko hautua egin duen hiztunari ostikoa horrela ez ematea?