GIPUZKOAKO HONDAKIN KUDEAKETA EUROPAN EREDU,
Zorionak Tolosa, Zorionak Gipuzkoa!
Piotr Barczak-ek Euskal Autonomia Elkarteko Hondakinak Kudeatzeko Planaren aurkezpen ekitaldian parte hartu zuen, Europar Batzordearen irizpideen berri emateko Eusko Jaurlaritzak gonbidatuta, eta bere hitzaldian Gipuzkoa hondakinen alorrean egiten ari den kudeaketa ona nabarmendu zuen. Zehatzago izateko, lurralde honek hondakinen prebentzio eta birziklapenean lortutako emaitzak goraipatu zituen, eta erraustegia alboan uzteagatik Gipuzkoak izango dituen ekonomia eta ingurumen onurak azpimarratu zituen.
Bilboko Bizkaia Aretoan 2015eko martxoaren 23an egin zen ekitaldian parte hartu zuten baita ere, aipatu europar ordezkariaz gain, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak eta Josean Galera Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak. Hauez gain, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen administrazioko hainbat kargu ere izan ziren, eta baita Ingurumeneko Klusterra osatzen duten hainbat enpresetako ordezkariak ere.
Bideokonferentzia bidez egindako hitzaldian, Piotr Barczak Europar Batzordea Ekonomia Zirkularra sustatzeko burutzen ari den ekimenez mintzatu zen, baita aipatu batzordea Zero Zabor Programa indarrean jartzeko ematen ari den pausoez ere. Era berean, hondakin gutxiago sortzeko eta birziklatzearen aldeko politika eraginkorrak sustatzeko oraindik egin behar den ahaleginaz hitz egin zuen.
Hitzaldiaren une horretan, Gipuzkoak zabaldutako bidea goraipatu zuen, eta beste lurraldeek jarraitu beharreko eredutzat jarri zuen. Ez soilik hondakinen bilketa-sistema eraginkorren bidez lortzen ari den prebentzio eta birziklatze maila altuengatik, baita erraustegia albora uzteagatik ere.
Europar ordezkari honen hitzaldiaren edukia berreskuratu nahian, eta Eusko Jaurlaritzak Europako Ingurumen Bulegoak esandakoaren berri eman ez duenez, GHKk Piotr Barczak-engana jo du, eta honek laburtu egin du, bideo batean, aurkezpen ekitaldi hartan esandakoa.
“Hitzaldi horretan hainbat adibide jarri nituen”, adierazi du Piotr Barczakek, “Europa osoan zehar banatutako komunitateei buruzkoak, praktika onak aurrera eramaten ari direnak, eta birziklatzeari, gaikako bilketari eta berrerabiltzeari dagokienez helburu garrantzitsuak lortzen ari direnak. Komunitate horien artean adibiderik garrantzitsuenetako bat Gipuzkoan dago”.
“Gipuzkoan lortu dute ez bakarrik hondakinen inguruan kontzientziazioa handitzea eta zabor-hondakin guztien kopurua murriztea, baizik eta, baita ere, hondakinen erraustegia eraikitzeko proiektuaren aurka egitea”, dio Barczakek. “Gipuzkoan ulertu dute erraustegia teknologia zaharkitua dela, gure airea kutsatzeaz gain, baliabideak galtzera eramaten gaituela. Hondakinak errausten ditugunean, giza sormena ere galtzen dugu, dirua galtzen dugu, eta beste hainbat soluzio berri galtzen ditugu, ekonomiarentzat, lanpostuentzat eta ingurumenarentzat hobeak, merkeagoak eta eraginkorragoak diren soluzioak”.
Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!