Babarrunaren VI. lehiaketa arrakastatsua

Erabiltzailearen aurpegia Xepla Elkartea 2015eko azaroaren 15a

Ibarran babarrunaren VI. lehiaketa ospatu da gaurko egunez, eta bertan 18 bikotek hartu dute parte. Goizean zehar sagardoa nork ondoen atera lehiaketa ere burutu da hirugarren urtez.

Babarrun lehiaketan Asun Ventureira eta Arantxa Rajadok osatutako bikoteak eraman ditu irabazleen txapela eta Eluska jatetxean 100 euroko otordu baten balioa duen txartela.

Bigarren postuan Alberto Zubelzu eta Carlos Arechaga izan dira, hauek Danon Txokoa tabernan 50 euroko otordu bat eta Ezpeletako biperrarekin egindako sagar jalea eta biper poto bat irabazi dute.

Hirugarren postua Ainhoa Muñagorri eta Manke Davilak lortu dute, bakoitzak Tolosako babarrun elkartetik eskeinitako babarrun kilo bana irabazi dutelarik. Baita Ezpeletako biperrarekin egindako sagar jelea eta biper poto bat ere.

Sari berezia izan dute Uzturpe ikastolako DBH 4ko ikasleek, mahaiak zerbitzen ibiltzeaz gain, babarrun lehiaketan ere parte hartu baitute. Donostiako Zubimusu elkartekoek eskeinitako bi trofeo jaso dituzte sari moduan sukaldari errebelazio gisa.

Sagardoa nork ondoen atera lehiaketaren III. edizioan, iazko sailkapen bera suertatu da, lehenengo postuan Manu Gorostiaga eta bigarren postua berriz, Mark Bradshaw kanadiarrak eraman duelarik. Manu Gorostiagak irabazlearen txapela eta Ibarrako merkatari elkarteko dendetan gastatzeko 50 euroko balioa duen txartela eraman du. Mark Bradshawen saria Ibarrako merkatari elkarteko dendetan gastatzeko 50 euroko balioa duen txartela izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!