Zilarrezko domina lortu dute TAKeko neskek Espainiakoan

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Uzturre 2015eko apirilaren 27a

Meirako portuan, Moañan, jokatu da batel txapelketa, eta promesen mailan txapeldunorde izan dira tolosarrak.

Naroa Leonet, Malen Oiarzabal, Ainhoa Tolosa, Nagore Urdanpilleta eta Irati Romerok osatutako taldea, Hibaikaren atzetik sailkatu zen, bi segundora. Errenteriako neskek 05:09 behar izan zuten ibilbidea osatzeko, eta tolosarrek, berriz, 05:11. Vilaxoan klubak osatu zuen podiuma.

Karlos Artola entrenatzailearen esanetan, "izugarria" izan da lortutako emaitza: "Haize asko zebilen, eta itsasoa zakar zegoen. Guk ibaian entrenatzen dugu eta guretzat handicap bat zen egoera horrekin arraun egitea, eta emaitza zein den ikusita, oso pozik gaude".

Beste bi talde ere izan ziren: jubenil neskena eta infantil mutilena. Neskek ezin izan zuten finalean egon. Mutilak, berriz, lehiaz kanpo utzi zituzten finalean, izan ere, eguraldia medio, palak trabatu eta ibilbidetik desbideratu ziren, bigarren kaletik sartu beharrean, hirugarrenetik sartu baitziren. Une horretan lehen postuan zihoazen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!