Izan ere, gehienok gure bizitzako ordu gehienak lanean (eta lotan) ematen ditugu, eta ondorioz, ezin bizitza askatasun guztiz bizi. Lanak ekar lezakeen tentsio, zama edota libertate ezarekin batera, ordea, lankide ditudanak eta izan ditudanak ere badatozkit gogora. Horiekin igaro ditut edo igarotzen ditut laneko ordu eta orduak.
Esan ohi da unerik zailenetan jakiten dela zein dagoen gure ondoan, zeinekin konta dezakegun eta zeinekin ez. Ba, lantokia hori jakiteko toki aproposa dela esango nuke, bertan hainbat egoera konplexu ager baitaitezke. Horien barruan sar litezke, besteak beste, nola kudeatu ez dakizkigun egoerak, gaina hartzen digutenak, denera iritsi ezin garela sentitzen duguneko momentuak, edo norbere ahuleziak agerian jartzen dituztenak… estutasun uneak azalera daitezke lanean ari garenean, beraz. Baina gure larritasunen itsasoan itotzen ari garela, helikopteroan edo barkuan hor azaltzen dira «hemen gaude!», «zuri laguntzera gatoz!» edo «heldu sokari!» oihukatzen diguten hainbat lankide. Guk ahal bezala sokari eutsi, eta beraiek dituzten borondate eta baliabideekin tira egiten digute, uretatik atera arte. Orduan, bizitza salbatu digutela sentitzen dugu; talde bat garela diote beraiek. Ikaragarria da momentu horietan lankideenganako sentitzen den esker ona, betetasuna eta handitasuna. Bihotzetik ateratako beste ekintzaren batekin soilik berdindu daiteke jasotakoa.
«Baina gure larritasunaren itsasoan itotzen ari garela, helikopteroan edo barkuan hor azaltzen dira 'hemen gaude!', 'zuri laguntzera gatoz!' edo 'heldu sokari' oihukatzen diguten hainbat»
Momentu zailez gain, ordea, onak ere elkarbanatzen ditugu lankideekin. Zenbat barre algara eta elkarrizketa lanak egiten ari garenean, kafe garaian edo elkarrekin lan orduetan egiten ditugun otorduetan. Zeinen momentu atseginak pertsonatik pertsonarako hizketaldi sakon eta interesgarrietan, lankidea bai, baina laguna ere badela ohartzen zaren horietan. Eta nola ez, zenbat zoriontasun argi laneko bazkarietako dantzetan, besarkadetan eta musuetan. Bizitza, zoriona edo argia pertsona zein toki guztietan dagoen seinale.
Lanera joan baino uste dut gehienok nahiago dugula oporretan egon, baina lanera joan eta goian aipatu dudan profileko pertsonekin topatzea bihotzez eskertu eta baloratu behar dugulakoan nago, gure laneko orduak arinago egiteaz gain, lan orduetako bizitza ere ederra bezain handia izan daitekeela erakusten baitigute. Ni behintzat, zorteduna sentitzen naiz beraiek nire bizitzan izateaz.