Bizitzak edota errealitateak baditu, ordea, beste erantzun batzuk ere. Beti ez du maite dugunak gure bikote edo senar-emazte izan nahi, batzuetan nahiko genukeen bizitza proiektua ez zaigu aurrez aurre jartzen, beste zenbaitetan lan-eskaintza batetik ezezkoa jasotzen dugu edo egin nahiko genituzkeen hainbat plani jendeak ezetz esaten dio. Baina niretzat guztietan okerrena eta eraman gaitzena erantzunik eza da. Erizaintza ikasten ari nintzela, ikasgai bateko irakasleak ere hala esan zigun, ezbaian egotea omen da eramaten zailena. Hau da, hobea omen da baiezkoa edo ezezkoa jasotzea erantzunik ez jasotzea baino. Inoiz niri ere gertatu zait erantzunaren zain egon beharra, eta nirea ere itxaron dute. Ez da atsegina itxaron beharra; izan ere, bizitza airean edo galdera ikur batean bezala sentitzen da zerbaiten esperoan zaudenean. Eta gainera, askatasunik eza ere senti daiteke bidea libreki aukeratzeko, espero den erantzun hori jar baitaiteke sor daitezkeen aukeren gainetik. Badakigu itxarotea hainbatetan ezinbestekoa dela, baina itxarotetik itxarotera ere alde handia dago. Lan elkarrizketa bat egin ostean, adibidez, lagungarria litzateke erantzunaren epe-muga zehaztea, edota pertsona arteko harremanetan erantzuteko ardura hartzea, gure zereginak zeregin. Hori egin ezean, norbanakoari aintzazkotasuna edo errespetua faltatzen zaiola sentitzea ohikoena delakoan nago, gizatasun kontua baita erantzutea. Eta erantzunak duen pisuaren arabera, ez erantzuteak mina, haserrea, loa galtzea edo beste hainbat ondorio kaltegarri ere ekar litzake. Hori guztia ez ote da saihestezin?
«Niri bederen, sentipen eta bizipen horiek desagertu izan zaizkit inoiz aiduru egon naizen erantzuna iritsi zaidanean. Ez da beti nahi dudana izan, baina libre sentiarazi izan nau»
Niri bederen, sentipen eta bizipen horiek desagertu izan zaizkit inoiz aiduru egon naizen erantzuna iritsi zaidanean. Ez da beti nahi dudana izan, baina libre sentiarazi izan nau. Libre bidea aukeratzeko eta hegan egiteko. Ederra, pertsona aske sentitzea baino gauza handiagorik gutxi baitago munduan. Horregatik, erantzunak ematen saiatu beharko genukeelakoan nago, norbere bidean, ongizatean zein zorionean lagungarri izango baitzaizkigu.