Ez dut, baina, egunero hori sentitzen. Zuk bai? Zenbatetan edota noiz sentitzen gara edo senti gaitezke horrela? Maitemintzean, guraso izatean, lorpen handi baten aurrean gaudenean, ikasketak amaitzean, ikaragarri gustatzen zaigun zerbait gure bizitzara etortzean, norbere ametsak betetzean… Zoragarria da momentu horietako sentipena; magia berezia da, bakarra: eguzki handi bat bihotzaren erdian. Eta ez al da sentimendu hori guztiok sentitu nahiko genukeena? Bizitzari zentzua ematen diona? Bizitzagatik borrokatzeko arrazoiak ematen dizkiguna? Niri behintzat, ematen dizkit. Eta agian idealista naiz, baina nire eskuetan dagoen guztia egingo nuke eta saiatzen naiz maite dudan guztia nire bizitzan egon dadin. Ez dut uste, ordea, jende guztiak jarrera, jokabide edo ikuspuntu berbera duenik; ez dut uste jende guztia bihozkadak edo senak esaten dionari jarraiki bizi denik. Urrutira joan gabe, inguruan topa ditzakegu «bizitza konformista» duten familia-kide, lagun, ezagun zein ezezagunak, nolabait «ondo» bizi direnak, eta dagoenarekin «aurrera» egiten dutenak. Berri Txarrak taldearen Gure dekadentziaren onenean abestiko letra zati hau datorkit: «Atzera goazela, aurrera ez bagoaz, helmugarik adostu gabe». Atsekabetzen nau atzera doan bizibide hori jendearengan sumatzeak, edo inoiz neure burua modu horretan ikusteak, hondarrak eskuetatik irrist egiten duen bezala ihes egiten baitu bizitzak. Gozatu gabe. Egiazki bizi gabe.
«Atsekabetzen nau atzera doan bizibide hori jendearengan sumatzeak, edo inoiz neure burua modu horretan ikusteak, hondarrak eskuetatik irrist egiten duen bezala ihes egiten baitu bizitzak»
Behin Albert Einsteinek zera esan omen zuen: «Emaitza ezberdinak lortu nahi badituzu, ez egin beti gauza bera». Zaila, baina, egunerokotasunari, seguru eta egonkorrari, alde egitea; zaila benetan zoriontsu egingo gaituztela ez dakigun bide berriei ekitea. Zaila ausartzeko indarra biltzea, ederra, ordea, ausartu ondoren ausartzeak berak dakarren asebetetze sentipena sentitzea; lortuko duzun edo ez duzun ez baldin badakizu ere, atea irekitzea baita. Zoriontasunerako atea.
Akaso ez duzu atea irekitzeko adorerik. Kemenik. Baldintzarik. Giltzarik. Ahalko banu, behar edo falta zaizun hori eman nahiko nizuke, atearen beste aldean ikus zaitzadan, eta elkarrekin eguzkiaren errainuei segika bizi gaitezen.