Lanbidea dela eta

«Zertan egin nahi dut lan?». Gutariko askok geure buruari noizbait egin diogun galdera dela esango nuke, diruz aberatsak izan ezean, halabeharrez lan egitera kondenaturik gaudela esan baitaiteke. Baina zertan? Zertan egin beharko genuke lan?

Batzuk umetatik buru argitasun edo norbere izaeraren kontzientzia handia izaten dutelako-edo, oso argi izaten dute zein ogibide duten gustuko eta bokazio, eta urratsez urrats, bidetik atera gabe heltzen dira euren portura. Beste asko, berriz, 18 urterekin artean beraien ibilbidea erabaki ezinik izaten dira. Nire kasuan 15 urte inguru nituen Erizaintza ikastea erabaki nuenean, baina ez zen nire lehen aukera izan.

Animaliak oso maite nituenez, albaitaritza izan zen neure burutik pasatu zen lehenengo ogibidea. Zaragozan, gaztelaniaz eta bost urtez ikasi behar zela jakin nuenean, ordea, baztertu egin nuen ideia, ez bainuen etxetik ateratzeko eta gaztelaniaz ikasteko gogorik. Hala, egun batez, pertsona eri eta ezindu bat irudikatu nuen ohe gainean. Egoera horretan dagoen pertsonarentzat laguntza txikiena ere handi izan behar duela pentsatu nuen, eta nik nahiko nukeela bizitzako aldi edo baldintza horietan laguntza jaso. Bada, «zuk jaso nahi baduzu, besteei ere eman». Pentsamendu horretatik iritsi nintzen Erizaintzara. Donostian zegoen fakultatea eta euskaraz ikasiko nuen. Aurrera.

«Denbora gutxian zenbait pertsonari entzun diedan gisan, lanak ez du beti zertan pasio izan. Bizitza hainbat etapaz osaturik dago, eta norbere bizi egoerara ahalik eta ondoen egokitzen den baliabidea izatea bera ez da gutxi»

 

Erizaintza gustura ikasi banuen ere, euskarak beti izan du leku berezia nire bizitzan. Urte luzez oso kontziente izan ez banintzen ere, nire betidaniko pasioa izan da. Horregatik, 22 urterekin barruko arrak bultzatuta Euskal Filologia ikasi behar nuela esan zidan, eta lantokian lanaldia murrizteko aukera izan nuenean, 27 urterekin, Gasteiza joan nintzen nire ametsa betetzera. Lau urteren buruan, Euskal Ikasketetan graduatu nintzen, eta aurten bigarren urtea dut Hezkuntzan euskarako irakasle gisa. Hala ere, hizkuntzaren erraiak arakatzea ere izugarri gustatzen zaidanez, ikerketa ere probatu dut azken urte honetan. Ez hezitzaile paperak, ez ikerketak berarekin dakarren bizitza sozial faltak, ordea, ez naute guztiz ase. Hots, nire pasioa den hizkuntzak ez dit oraingoz erabat eroso sentiarazten nauen lanposturik eskaini. Hori horrela, Erizaintzara itzultzeko pentsamendua dabilkit; izan ere, denbora gutxian zenbait pertsonari entzun diedan gisan, lanak ez du beti zertan pasio izan. Azken finean, bizitza hainbat etapaz osaturik dago, eta norbere bizi egoerara ahalik eta ondoen egokitzen den baliabidea izatea bera ez da gutxi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!