Matrikulatu udaberriko haur ikastaroetan!

Erabiltzailearen aurpegia Udaberri Dantza Taldea 2025eko irailaren 9a

Udaberri Dantza Taldeak haur eta gaztetxoentzako dantza ikastaroak antolatu ditu beste urtebetez.

Udaberri Dantza Taldeak haur eta gaztetxoentzako dantza ikastaroak antolatu ditu beste urtebetez.

Udaberri Dantza Taldeko ikastaroetan izena emateko epea irailaren 21ean amaituko da. Ikasturte berrian HH5eko ikasleak izango dira txikienak, 2020an jaiotakoak.

Helburu nagusia, gaztetxoen artean dantzarako grina bultzatzea eta era berean gaztetxoek gure dantzen eta doinuen berri izatea da. Halere, ikastaroen helburuak lau puntutan banatzen ditugu:

  • Euskal kulturaren sustapena

Taldeak sorreratik izan du xede euskal kultura sustatzea, eta 67 urte igaro arren, helburu horrek gure proiektuen ardatz izaten jarraitzen du. XXI. mendeko gizarte globalizatu honetan, euskal kultura sustatzen jarraitzeko konpromiso argia dugu. Guk egiten ez badugu, nork egingo du bestela?

  • Tradizioaren jarraipena

Tradizioa ezagutu, jaso eta hurrengo belaunaldiek ere ezagutu dezaten, jasotakoari jarraipena emateko apustua egina du Udaberrik. Ez da erronka makala, baina nork esan zuen erraza izango zenik? Erronkarik gabe ez omen dago ikaskuntzarik, onartzen duzu gurea?

  • Laguntasuna eta ezagutza

Dantza ikastaroak harreman sarea zabaltzeko aukera paregabea dira, lagun berriak egiteko aitzakia aparta. Esperientziak erakutsi digu laguntasuna balio garrantzitsua dela Udaberrin. Izan ere, dantzaren aitzakian lotu den lagunen kuadrila gaituzue. Kuadrillara batu nahi?

  • Elkarlana eta talde lana

Edozer gauza ondo egiteko lana eta esfortzua beharrezkoak dira. Gure ikastaroetan ere, dena ez da festa eta jolasa izaten. Udaberrik bizirik jarraitzen badu talde lanari esker da, beraz, ikastaroetan ere elkarlanean aritzen gara. Elkarlanean ondo pasatzeko prest?

Ikasturtean zehar ikasitako dantzak erakusteko, ikasleek hainbat emanaldi zein kalejiretan hartzen dute parte. Hala nola, Gabonetako Olentzero eta Mari Domingiren zein Erregeen etorreran, inauterietako dantzari txikian, Tolosako dantzari txiki egunean, ikasturte amaierako emanaldian...

Ikastaroetan izena emateko ondorengo estekan dagoen galdetegia betetzea eskertuko genuke. Edozein zalantza izanez gero, idatzi ikastaroak@udaberri.eus helbidera.

Segi oinak arin!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!