Udaberri Dantza Taldeko ikastaroetan izen-emateko epea irailaren 22an amaituko da. Ikasturte berrian HH5eko ikasleak izango dira txikienak, 2019an jaiotakoak.
Helburu nagusia, gaztetxoen artean dantzarako grina bultzatzea eta era berean gaztetxoek gure dantzen eta doinuen berri izatea da. Halere, ikastaroen helburuak lau puntutan banatzen ditugu:
- Euskal kulturaren sustapena
Taldeak sorreratik izan du xede euskal kultura sustatzea, eta 67 urte igaro arren, helburu horrek gure proiektuen ardatz izaten jarraitzen du. XXI. mendeko gizarte globalizatu honetan, euskal kultura sustatzen jarraitzeko konpromiso argia dugu. Guk egiten ez badugu, nork egingo du bestela?
- Tradizioaren jarraipena
Tradizioa ezagutu, jaso eta hurrengo belaunaldiek ere ezagutu dezaten, jasotakoari jarraipena emateko apustua egina du Udaberrik. Ez da erronka makala, baina nork esan zuen erraza izango zenik? Erronkarik gabe ez omen dago ikaskuntzarik, onartzen duzu gurea?
- Laguntasuna eta ezagutza
Dantza ikastaroak harreman sarea zabaltzeko aukera paregabea dira, lagun berriak egiteko aitzakia aparta. Esperientziak erakutsi digu laguntasuna balio garrantzitsua dela Udaberrin. Izan ere, dantzaren aitzakian lotu den lagunen kuadrila gaituzue. Kuadrillara batu nahi?
- Elkarlana eta talde lana
Edozer gauza ondo egiteko lana eta esfortzua beharrezkoak dira. Gure ikastaroetan ere, dena ez da festa eta jolasa izaten. Udaberrik bizirik jarraitzen badu talde lanari esker da, beraz, ikastaroetan ere elkarlanean aritzen gara. Elkarlanean ondo pasatzeko prest?
Ikasturtean zehar ikasitako dantzak erakusteko, ikasleek hainbat emanaldi zein kalejiretan hartzen dute parte. Hala nola, Gabonetako Olentzero eta Mari Domingiren zein Erregeen etorreran, inauterietako dantzari txikian, Tolosako dantzari txiki egunean, ikasturte amaierako emanaldian...
Ikastaroetan izena emateko ondorengo estekan dagoen galdetegia betetzea eskertuko genuke. Edozein zalantza izanez gero, idatzi ikastaroak@udaberri.eus helbidera.
Segi oinak arin!