Zein egunetan dantzatzen dira Berastegiko San Juan Dantzak? Zein urtetan sortu zen Udaberri Dantza Taldea? Gai izango al zinake Jaurrietako Axuri Beltza dantzaren letra guztia abesteko? Bizkaiko zein herritakoa da Kriskitin Dantza Taldea? Galdera horiei eta gehiagori ongi erantzuteko gai al zara? Euskal dantzen inguruan zenbateraino zara jakintsua?
Gure inguruko gazte nahiz helduek, dantzen inguruan duten jakintza ezagutzeko jolasa sortu dugu. Galdera-erantzunen bitartez egingo da, euskara hutsean. Ostiralero, gure Instagram Stories-etan bost galdera luzatuko ditugu. Batzuetan, hiru erantzun posibleren artean bat aukeratu beharko da; besteetan, argazkiko pertsonaiaren edo objektuaren izena asmatu beharko da, edo esaldietan hutsuneak utziz, hutsune horiek zein hitzekin betetzen diren ere jakin beharko dute parte hartzaileek. Zailtasunari dagokionez, berriz, era guztietako galderak izango dira. Parte hartu nahi dutenek, baldintza bakarra besterik ez dute bete behar: gure Instagram orrialdea jarraitzea.
Oraingoz, eta hasiera besterik ez denez, jarraitzaileek gure kulturaren ezinbesteko atala den dantzari buruz zenbat dakiten besterik ez dugu jakin nahi. Aurrerago ikusiko da jolas honek zein dimentsio hartzen duen, baita onenentzat sariren bat edo beste izango den ere. Bitartean, eragin buruari, eta gozatu gure jolas berriaz!
Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!
EGIN ATARIKIDE!