Joan den ostiralean, ekainaren 8an, estreinakoz dantzatu genituen, Berastegiko San Joan dantzak, gure belaunaldikook, Galdakaon ospatutako Udaberri Jaialdian. Gure dantza taldearentzat urtetan zehar esanahi berezia izan duten dantzak dira.
Berastegiko plazan dantzatzen dira Berastegiko San Joan Dantzak, abuztuaren 10ean, San Lorentzo egunez. Dena den, ospakizun berezietan ere dantzatu izan dira dantza horiek. Esate baterako, azken urteotan, haurren taldeak dantzatzen ditu, San Joan bezperako suan.
Dantza sorta horretako dantzek berezitasun handia dute, eta herritik kanpokoei deigarri egiten zaizkie sarritan. Alde batetik, dantzen izena bitxia da: izenak hala dioen arren, guk dakigunez, Berastegiko San Joan Dantzek ez dute loturarik izan, historian barrena, San Joan jaiekin edo bataiatzailearekin. Berastegin eta Elduan, gainera, ez dago bataiatzaileari ezarritako tenplurik. Bestetik, hauen ezaugarri diren jauzi, txingo eta beso mugimenduak ohiko dantza molde gipuzkoarretik aldentzen dira, eta indar handiko dantzak izaki, ikusmin handia sortu ohi dute.
Hala ere, nahiz eta dantzakera berezia den, egitura koreografikoari dagokionez, taldea bi errenkadatan banatzen da, eta 12 dantzarik osatzen dute, kapitain bat buru dutela. Hainbat figura koreografiko osatzen dituzte, eta dantzetako batean tresneria ere erabiltzen dute, brokel-dantzan hain zuzen. Egitura koreografiko horrek gure inguruko Gipuzkoako Brokel Dantza klasikoa edota Bizkaiko Dantzari dantza ekar diezazkiguke gogora, eta baita Lizartzako Inauteri Dantzak ere. Areago, Lizartzako Inauteri Dantzetan, zenbait pauso berezik eta beso mugimenduk ere, Berastegiko San Joan Dantzetan agertzen direnen tankera handia dute, egitura koreografikoaz gain. Bitxia da, Tolosaldeak Nafarroarekin dituen bi mugetan, eredu koreografiko horren bi adibideok isolatuta agertzea, eta haien sorreraz eta bilakaeraz ezer gutxi jakitea.
Honakoak dira dantza sorta osatzen duten dantzak:
- Paseoa
- Lauko txikia
- Kontrapaseoa
- Kapitain dantza
- Zorri dantza
- Seikoa
- Brokel dantza
- Belauntxingoa
- Biribilketa edo irteera
Bilakaera
Badakigu Berastegin XVII, XVIII eta XIX. mendeetan dantzatzen zituztela, txistularien erreferentzia azaltzen baita, Berastegiko Udal Artxiboko ia urteroko gastuetan.
Beste hainbat daturen artean, batek dio, XVIII. mende erdialdean, dantzarien kapitainari kapela gorri bat erosi ziotela. Era beran, garai bereko udaleko inbentario batean, "sombrero de tres puntas del capitán de los danzantes” agertzen da.
XIX. mendearen amaieran, berriz, udalak Baztarrika maisuari soldata ordaindu zion, herriko gazte talde bati, hiru hilabetez, San Joan dantzak erakusteagatik.
Dantza horiekk 1936ko gerrara bitarte egin zituzten herrian, belaunaldiz belaunaldi transmitituz; gerraren, ordea, etena iritsi zen. 1955. urtean, Ipuliño dantza taldea sortzearekin batera, berriro berreskuratu zituzten San Joan Dantzak. Ipuliño dantza taldea gizon-emakumeek osatua zen, eta herritik kanpora ere aritu ziren dantzan; Tolosaren 700. urteurrenean esaterako. Emakumeek Gipuzkoako zenbait dantza –sagar-dantza eta abar– dantzatzen zituzten eta mutilek, aldiz, San Joan Dantzak, gerra aurreko belaunaldiko hainbat kideren gidaritzapean.
Hainbat saiakera egin eta gero, 1960ko hamarkadan ere etena izan zuten dantzek, eta 1973. urtean Udaberri Dantza Taldeak berreskuratu zituen dantzak; dena den, zenbait urtez, ez zituzten Berastegin dantzatu. Gero bai, Udaberrik urtetan dantzatu izan ditu Berastegiko San Joan dantzak, San Lorentzo egunez Berastegiko plazan.
1995ean, Berastegiko Guraso Elkartearen ekimenez, Belauntxingo dantza taldea sortu zuten herrian bertan. Lehenik, herriko dantza-soka erakusteari ekin zioten eta, ondoren, Jexux Nazabal Udaberriko dantzari berastegiarra hasi zen, San Joan Dantzak erakusten. Horrela, 1998. urtean, herriko 8 dantzariz eta kapitainaz osaturiko taldea atera zen dantzan. 2000. urtean, berriz, 12 dantzari eta kapitaina atera ziren, denak herritarrak.
Udaberri Dantza Taldeak ez zituen, 1998az geroztik, dantza horiek emanaldietan dantzatu. Galdakaokoa, beraz, berezia izan zen: bertsio txikian izan arren – 8 dantzari eta kapitaina –, 20 urteko etenaldiaren ondoren, berriro plazaratu genituen Berastegiko San Joan Dantzak.
ITURRIAK:
- Salbarredi, J. (d.g.). Dantzariak Berastegin 1. atala.eko 06k 12 jasota
- Udaberri Dantza Taldea. (d.g.). Berastegiko San Joan Iantzak. urteurreneko liburuxka, or. 62-69.