Egiazki, dantzak ez gaituelako Gabonetara estu lotzen. Bai, gu txikitan ateratzen ginen bezala, orain ere ateratzen dira gure ikasleak, Olentzero, Mari Domingi eta Hiru Erregeen desfileetan. Baina, listo; hor bukatzen da lotura. Hor bukatzen da, lotura publikoa. Izan ere, Gabonek osagai perfektu guztiak dituzte, folklorearen gozotan bizi gintezkeenontzat.
Badituzte euskal jantziak eta haien aldagai guztiak; badituzte mendez mende jasotako tradizioak; badituzte gabonzale ez direnak ere hunkitzeko gaitasuna duten doinu zoragarriak. Eta badituzte, ezarritako hitzordu horiez guztiez kanpo, guk, udaberritarrok, gure bilakatu ditugun tradizioak.
Lokala txukundu behar dela, jantzien inbentarioa egin behar dela, haurrekin entsegu gehigarriren bat ez dela gaizki etorriko, dantza utzi eta izotz gainean patinekin proba egin nahi dugula, edo lagun ezkutuko oparia bi egunetan osatu behar dugula.
Horiek eta antzeko beste hainbeste kasualitatek inoizko urte bereziena egin dute 2017a, eta hauspoa bete kemen dugu, Udaberri Dantza Taldearen zazpigarren hamarkada idazten hasteko.
Horren errudunak zarete zuek, gure dantza taldea, gure eskola, gure familia 60 urte betetzeraino zaindu duzuen belaunaldiok. Zuek ere, bai, urteurrena prestatzen hasi ordurako, trukean ezer jasotzeko zain egon gabe, BAI eternalez erantzun diguzuen argazkilari, aurkezle, erakusleiho-aditu, furgonetadun, gozogile, aktore hasiberri eta gainontzeko guztiak. Urtea lanez bezainbesteko pozez bete diguten ekitaldietan oholtzakide izan zaretenok ere baduzue erruaren zati handi bat: Tolosako Musika Banda eta Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, ederra izan zen. Eta, noski, dantza talde xume honek txikitik handira joan ahal izateko behar dituen baliabide guztiak eskaintzearen errudun ere bada Tolosako Udala.
Bihotz-bihotzez, eskerrik asko guztiei; baita testuan ahaztu baina gogoan ditugunei ere.
Zaila da, ulertezina, eta akaso barregarria ere bai, gure dantza taldeak sentiarazten diguna azaltzen hastea. Eta horregatik gaude pozik: urteurren honek aukera eman digulako guztioi, Udaberrirekin nahierara dantza egiteko. Bihotzetik edo begietara begira; teknika zorrotzenaren jabe edo aldian-aldian inprobisatuz. Baina Udaberrirekin.
Egia da, ospakizun amaiera guztiek eskutik izaten dutela malenkonia: poza izan nahi duen tristura. Ziklo bat amaitzen delako eta denbora hementxe geratzeko gogoa sortzen zaigulako.
Baina badator 61. urteurrena, eta datozen 12 hilabeteetan ere poz ziztada bana emango diguzue, kale ertzean txaloka, erromerian dantzan, astero ikastaroetan edo ordenagailuaren bestaldean gure jarduna jarraitzen baldin baduzue.
Ez utzi sekula dantza egiteari, eta 2018ra arte!