Gaur egun elizaren inguruko ohiturei estu loturiko egunak badira ere, tradizio paganoa dute, eguberriek, jatorrian. Halaxe izan zen IV. mendera arte, erromatar inperioaren gainbeheran, Julio I. aita santuaren garaian, eliza katolikoak usadio horiek bereganatu baitzituen.
Ordura arte, gizakiak naturaren ziklo aldaketei begira antolatzen zuen bere urtea eta, ezinbestean, neguaren etorrera iragartzeko ospakizuna izaten zen egungo gabonena. Erromatarrek, ordea, Sol Invictus jaia bereganatu, eta Jesusen jaiotza ospatzeko baliatu zuten urtegaraia.
Uraren garraz
Gurtze egun pagano haiek gogo bertsuen inguruan ospatzen zituzten Euskal Herrian, Europan zein mundu osoan barrena, eta badira neguko solstizioa irudikatzeko sinboloak. Sua da bata, eta ikatzak edo zuhaitzak ere betetzen du, zenbait txokotan, haren lekua. Suaren sinesteen eskutik doaz, berriz, uraren ingurukoak ere. Biak ala biak, kultura indoeuroparraren aztarnatzat dituzte adituek.
Baina aztarna horiei beste hamaika kulturatako ezaugarriak batu dizkio mendeen joan-etorriak, Eguberriak belaunaldi eta gizaldien lekuko bilakatuz. Artoari eta gari uztari otoitz egitearen usadioa izan liteke adibideetako bat, abenduaren 6an, Bariko San Nikolasen egunean. Euskal Herrian bazen kalez kale otoitzak kantatuz joateko ohitura: etxeetan uzta gordetzeko kaxak irekitzen zituzten, abemariaka hasi eta, negu gogorraren atarian, etxerako ondasunak ondo gordetzeko.
Zalantzarik ez da, hala ere: uztaren eta naturako elementuen gainetik, neguko solstizioak Euskal Herrian badu sineste nabarmen bat, Olentzero.
Gizon edo urtaro?
Ikazkin tripontzi eta ardozale moduan ezagutu genuen, askok, ikastolako gabon kantetan. Pare bat hamarkadatan, ordea, Olentzero maitagarriago bat marraztu dute abestiek eta, batez ere, saltokiek. Haurrek beren ametsei hegan egiten uztearen erruduna izateaz gain, ordea, euskara jendearen egutegi eta ohituren lekuko zuzena da.
Nagusiki, Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean garatutako tradizioa da Olentzero, eta hainbat itxura eta deskribapen ditu, tokian tokian. Nagusiki, ordea, ikazkin xumea da Olentzero, janaren eta edanaren zalea, euskal etxeetara tximiniatatik sartzen dena. Arabako herri askotan, berriz, pertsonaiari protagonismoa eman beharrean, sua pizten dute abenduaren 25 eta 31n, urtaro hotzari ongi etorria emateko.
Hotzaren bidetik, gainera, kristoren jaiotzaren berri emailea da Olentzero, kantuen arabera: “Ikusi duenian Jesus jaio dala, lasterka etorri da berri ematera”, eta jentilen jainkokia, beste askoren ustez.
Olentzeroren izanari hamaika betaurrekotatik begiratzen bazaio, gauza bera gertatzen da haren izenarekin ere. Bibliografia zabala eman du izenaren etimologiak, eta bi teoria nagusiak dira honakoak:
a) Onenzaro > Olentzaro (Isasti, 1925)
b) Noel – tzaro > Olentzaro (Altube, 1947)
Bigarren aukerari tiraz, europa iparraldean oso hedaturiko sinboloa da Noel, zuhaitzaren isla. Arestian aipatu bezala, eguberrietan sua, enborra edo ikatza sibolizatzeko ohitura unibertsala da ia, eta Noel litzateke horren adibideetako bat. Hori gutxi ez, eta Olentzero bera ikazkina dela ezin ahaztu. Euskal herri askotan, gainera, Olentzero bera izaten da enborra: Onontzaro-mokor (Larraun), Gabon-ubil (Antzuola), Gabon-mukur (Adadiño), Gabon-enpor (Otxandio) edo Suklaro-egur (Aezkoa).
Tradizio, ohitura eta usadioak etengabe berritzekoak dira, hori du erlojuaren dantzak. Norberak bere Olentzero irudika dezala helduena ere beharko lukeen ametsen mundu horretan, eta enbor, eguzkiaren ziklo edo ikazkin tripontzi izanda ere, solstizio berria izan dadila, gutxienez, aurrekoaren parekoa.
ITURRIAK:
- San Martin, Juan (1977): Gogoz. Gure herriko gauzak. Ediciones Caja de ahorros provincial de Guipuzcoa.
- Aurkenerena, Joseba (1999): Euskal sinesmen zaharrak. Gero, BILBO.