Plaza sentituz, bizi dantza helduen ikastaroetan!

Erabiltzailearen aurpegia Udaberri Dantza Taldea 2015eko irailaren 18a

Laugarrenez, helduentzako plaza dantza ikastaroa urriaren 6an abiaraziko dugu; izen-ematea zabalik da.

Garai bateko erromeriak berreskuratu eta jendeak plazetan dantza egiteko lotsa hori alde batera uzteko nahiak sortu zuen, Udaberriko plaza dantzen ikastaro. Horregatik, ikasturte osoan barrena, fandangoa eta arin-arina baino zerbait gehiago ere ikasiko dute ikasleek: Lantzeko inauterietako dantzak, polkak, Zazpi jausiak, Larrain dantza,...

Dantzarako grina hori eskuz esku pasatzearekin batera, ordea, bada ikastaroan nabarmentzen den beste zerbait: giro epela. Hainbat belaunalditako gizon-emakumeak bertaratzen dira saioetara, eta harreman-sare berriak sortzeko lekua ere izaten da, lagun arteko giroan. Ez da kasualitatea izaten, ikasle askok urtero errepikatu nahi izatea!

Honegatik guztiagatik eta, taldeko jardunaz kanpo, herritarrentzat ere jarduerak antolatzeko gogoari helduz, urriaren 6an ekingo diogu aurtengo plaza dantza ikastaroari.

Urteroko moduan, astean behin jarriko dugu hitzordua; zehazki, astearteetan 20:30etik 21:30era, Usabal kiroldegian dugun entsegu gelan.

Ikastaroko kuota 10 eurokoa izango da, hilean, baina, langabetu nahiz ikasleek 5 euro ordaindu beharko dute.

Izen-ematea zabalik da jada, ikastaroak@udaberri.com helbide elektronikoan eta, bestela, 688 63 70 70 telefono zenbakian.

Ikastarora etortzeko, gogoa besterik ez da behar izango eta, noski, alpargatak eta arropa erosoa ere bai. Utzi lotsak etxean eta, plaza sentituz, bizi dantza!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!