Dantza izango da Tolosatik Italiarako zubi, abuztuan

Erabiltzailearen aurpegia Udaberri Dantza Taldea 2015eko uztailaren 23a

Iaz Portugaleko nazioarteko folklore jaialdian aritu ziren.

Udaberri dantza taldea San Giovanni Rotondon ariko da aurten

Uda izaten da dantza taldeen urte sasoirik oparoena, ez baita festarik, dantzarik gabe. Aste Santu ondoren entsegu gogorrenekin hasi, eta iraila amaitu arte, gutxienez, etenik gabeko segida izaten da astez asteko prestakuntza. Euskal Herriko plazez harago, ordea, atzerrian ere fokloreak indar handia du opor garaietan, eta Europako foklore jaialdiek maite dituzten euskal doinu eta pausoak.

Bide horretan, Tolosako Udaberri dantza taldeko 30 kide inguru, maleta prestatu, eta Italia aldera abiatuko dira datorren abuztuaren 5ean.

San Giovanni Rotondo hirian izango dute oholtza, Blue Diamonds sareko hiru eguneko jaialdian, eta beste nortasun, kultura eta ohiturekin batera uztartuko dute euskalduna ere: Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Zuberoako dantza, jantzi eta doinuak eramango dituzte haraino.

Aurreko bi urteetan Hungarian eta Portugalen egin bezalaxe, dantza egiteaz gain, bidaia turismoa egiteko ere baliatuko dute, eta Florencia, Pompeya, Roma, Sienna nahiz Pisa bisitatuko dituzte. Dena den, taldekideek horrelako bidaien indarra azpimarratu dute: «Gure arteko harremana sendotu egiten da, eta taldea ikaragarri indartzen dute bidaiek».

Ikasturtea prestatzen

Uda antolatzearekin batera, datorren ikasturteko lanak ere aurreratu ditu dantza talde tolosarrak, bereziki, haur eta gaztetxoen ikastaroei dagokienez.

Horrela, entsegu egunak eta ordutegiak zehazten dituzten zerrendak ikusgai dira jada www.udaberri.eus atarian, eta baita Igeralde kaleko lokaleko atean ere.

Bide beretik, aipatzekoa da, helduei begirako plaza dantza ikastaroen inguruko informazioa eta izen-ematea irailean bertan zabalduko dituela Udaberrik, azken urteotan bezala, dantza ikastaroekin urria inguruan hasteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!