Aurtengo udan dantzak Portugaleraino eraman du Udaberri. Bertan, herrialdearen iparraldeko Braga eta Gondomar hirietan lau emanaldi eskaintzeko aukera izan du, han antolatzen diren folklore jaialdi ugarien baitan.
Pasa den neguan hasi zen hartu-emana, Tolosan bertan bizi den portugaldar baten eskutik. Bere herrian antolatzen zen jaialdian parte hartzeko eskatu zien taldekideei, aurrerago bertako taldea Tolosara ekartzeko konpromisoaren truke. Eta halaxe hasi zen abentura.
Prestakuntza lanak, entseguak, emanaldien denbora, luzeegi arituz gero soinua eta argiak kenduko zizkieten mehatxua… Emanaldi bat egitekoak ziren arren Udaberriren etorreraren berri zabaldu omen zen inguruko herrietara, eta webgunean bideoak ikusita beste hiru saio egiteko eskaera ere iritsi zen.
Taldekideen esanetan inoiz egin dituzten emanaldirik laburrenetakoak izan dira, eta 20-25 minutuan Euskal Herriak dantza arloan duen aniztasuna islatzen saiatu dira. Erakutsi dituzte Gipuzkoako makil jokoak, Bizkaiko dantzari dantza eta kaxarranka, Zuberoako maskarada, Arabako Eltziegoko dantzak eta Nafarroako Otxagabiakoak ere.
Emanaldiak amaituta ordea ez zuten etxerako biderik hartu eta oporretan ibili dira Portugalen barrena. Caiscais eta Lisboa hiriburua ezagutu ondoren Algarveko hondartza txiki batean igaro dituzte azken egunak, ondo merezitako atsedena hartzen.
Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!