Gozatu ederra beste lau urterako

Erabiltzailearen aurpegia Udaberri Dantza Taldea 2013ko abe. 17a, 15:06

Aurreko txapelketan bezalaxe, igandean ere espedizioa antolatu genuen BECeko finalera. Ahaztezina izan zen.

Gure jarduna dantzan aritzea edo dantzei doinuak jartzea den arren, kulturari eskutik lotuta doan ezein kontutan sartzen dugu burua. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala bertatik bertara ikustea, beraz, agendan idatzita genuen aspalditik.

Izango dira ia hiru hilabete sarrerak eskuratu genituenez geroztik, eta autobusa antolatzearen ideiak arrakasta izan du: bi bete genituen. Deskargako errepide bihurriek ez ziguten bertso-goserik kendu, eta 11:00etatik 19:30era bitarte hitzen mundu amaigabeari eskaini genizkion zentzumenak.

Poztu ginen, asko poztu ere, Amets Arzallusen txapelarekin. Batzuentzako erreferente, besteentzako erdi-idolo, adinkide ere bai, gertuko sentitu izan dugun bertsolaria. Faboritoak, ordea, 20 lagunen artean askotarikoak izan ohi dira, eta zortzikoteko kide bakoitzarentzat animo oihuak izan genituen.

Harituz elkarguneak oholtzan izandako presentzia ere bereziki txalotu genuen udaberritarrok, eta begiak negar-malkotan, guri ere txikitan euskara irakatsi zigutenengana, etxera buelta. Autobusean beste konturik ez, noski. Bertsoa, puntuak, sentsazioak, hizkuntza, hitz-jokoak eta, nola ez, txiste txarrak.

BECeko eztanda ez zaigu berehalakoan ahaztuko, eta beste lau urterako badugu zer gogoratu, komentatu eta errepikatua. Baita izoztutako irudirik ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!