TOPAren gutuna Olatz Peoni

Erabiltzailearen aurpegia TOPA plataforma 2015ko urt. 27a, 19:11

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak Olatz Peon EAJko alkategaiak programa osatzeko iritziak bilatzean beraiei deitu ez izana salatu du, eta gainontzeko alkategaiekin osasungintzaren inguruko mahai-inguru batean parte hartzeko deia luzatu dio.

Hainbat egunkaritako kronika lokalak irakurrita (DV eta Ataria 14/01) eta hurrengo hauteskundeetan hautagai izango zaren alderdiak (EAJ) banatutako triptikoa irakurrita, ondorengo honen berri izan dugu: “Denbora daramagu hurrengo udal hauteskundeetako proiektua kontrastatzen Tolosako eragile ekonomiko, sozial eta kirol alorrekoekin”… eta “diagnostikoa egin nahi dugu herritarrekin batera, tolosar bakoitzaren benetako beharrak ezagutzeko”.

Horiek irakurrita jakin dugu, era berean, zuentzat oso garrantzitsua dela herritarren iritzi, iradokizun eta proposamenak ezagutzea eta esaten duzue ziur egoteko kontuan izango dituzuela proiektua egiteko garaian, eta gertutik ezagutu nahi dituzuela tolosarron beharrak eta kezkak, bizi kalitatea hobetzeko.

Hori ikusita, eskutitz hau idazten dizugu honako hau adierazteko:

  • 3 urte daramatzagu osasun publikoaren gairen inguruan; erabateko interesa du eta tolosarron bizitza kalitatearen hobekuntzan izugarrizko eragina. Horregatik sinatu dute Tolosaldeko 19.000 herritar baino gehiagok osasun publikoaren alde; horregatik egin dira manifestazio jendetsuak haren defentsan; eta horregatik egin dira beste jarduera batzuk ere (giza kateak, anbulatorioa inguratzea, batzarra…). Horiek horrela, atentzioa eman digu guk osatzen dugun giza mugimenduari, TOPAri, deitu ez izana gure iritzia kontrastatzeko Tolosaldeak duen osasun-ereduari buruz (Euskal Herri osoan, erreferentziazko ospitale moduan eskualde-ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra).
  • Atentzioa eman digu, era berean, zuen gai-zerrenda luzea (16) ikusi eta herritarren iritzia jakiteko interes handikoak izatea hainbat gai, besteak beste, hondakinak, kirola, errespetua, solidaritatea, gardentasuna, aniztasun efektiboa edo hurbiltasuna, eta inondik inora ez agertzea eskualdeko osasungintzaren gaia.
  • Aprobetxatuz komunikatzeko agertu duzun jarrera ona, eta ikusita herritarren iritzia jakiteko duzun interesa eta horretarako eskura jarri dizkiguzun baliabide tekniko guztiak, honen bidez adierazten dizugu guk aukera hori zabaldu egingo dugula eta beste baliabide bat jarriko dizugula herritarren iritzia jasotzeko, hain zuzen ere, foroa, aspaldiko baliabidea baina eraginkorra. Beraz, gonbita egiten dizugu antolatzen ari garen mahai-inguru batean parte har dezazun (oraindik zehaztu gabe dago data); mahai-inguru horretara gonbidatuko ditugu Tolosako Udalerako alkategai guztiak eta honako hauek izango dira gaiak: Zer osasungintza mota nahi duzu Tolosan? Zer osasun eredu defendatzen du zure alderdiak hurrengo agintaldirako?.

Ziur gaude eztabaida hori baliagarria izango dela gertutik eta zuzen-zuzenean jakin dezazun Tolosaldeko herritarrek zer nahi duten osasunaren gaiaren inguruan, eta, bide batez, garbi edukiko dugu Tolosalderako zer osasun eredu defendatzen duen alderdi bakoitzak.

Zure erantzuna jasoko dugulakoan,

TOPA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!