Lehentasunezkoa da ideia erreakzionarioei, estatuen erreforma autoritarioari eta hedatzen ari den faxismoari aurre egitea, eta horretarako, datozen asteetan kaleak aldarriz beteko ditugu.
Euskal Herrian faxismoari gauzak erraz utziko ez dizkion indar handi bat dagoela erakutsi behar dugu, eta horretarako garrantzitsua da ahalik eta gazte langile gehien mobilizatzea. Izan ere, faxismoaren aurkako borrokak indarrik ez duen eta estatuen autoritarismoaren aurkako ikuspegia txertatuta ez dagoen tokietan, normalizatzen eta indartzen ari da ikuspegi faxista; eta, beraz, ezinbestekoa da Euskal Herrian faxismoaren eta bere oinarrian dagoen kapitalismoaren aurkako kontzientzia indartzea, datorren tokitik datorrela.
Faxismoa gora adierazpen guztietan, baita Euskal Herrian ere
Faxismoa indarra hartzen ari da Europa osoan, eta horren isla da alderdi politiko faxisten gorakada hamaika herrialdetan. Hala ere, eremu parlamentariotik haratago doa auzia, bestelako antolakunde ideologiko faxistak sortzen eta indartzen ari direlako Mendebaldean eta kale-mailako talde biolentoak ere ugaritzen ari direlako.
Gainera, gogoan dugu Euskal Herria ez dagoela joera horietatik kanpo: Orain arte beste leku batzuetan baino zarata txikiagoarekin bada ere, euskal nortasunaren izenean aritzen den faxismoa agertzen ari da, bai sare sozialetan baita kaleetako hormetan ere, eta mezu arrazista, supremazista edota matxisten eroale da.
Faxismoaren aurkako kontzientzia hedatzeko beharra
Bestalde, bere burua sistemarekiko alternatiba bezala saltzen saiatzen da faxismoa, eta horren aurka, datozen hilabeteetan argi seinalatuko dugu hori ez dela horrela eta faxismoa ez dela alternatiba langile-klasearentzako. Langile-klasearen, herri zapalduen eta, oro har, koletibo minorizatuen aurkako gorroto-ideologia bat dela faxismoa, eta ideia matxistak, arrazistak, supremazistak, ultranazionalistak, gerrazale eta inperialistak eta, oro har, klasistak zein baztertzaileak barne hartzen ditu.
Beharrezkoa da faxismoaren kontrako borroka "kapitalismoaren eta inperialismoaren aurkako eta langileen bizi-baldintzen aldeko agendarekin lotzea. Funtsezkoa da, gainera, langile-klaseak faxismoaren aurkako kontzientzia garatzea eta zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialistaren aldeko borrokarekin bat egitea.
Estatu autoritariorantz: Mendebaldeko oligarkiak eta faxismoa eskutik
Faxismoaren gorakada ez da fenomeno iragankor bat, Europa gainbeheran dagoen eta gerra-testuingurua intentsifikatzen doan honetan, oligarkia atlantistak faxismoaren aldeko apustua egin duelako, eta AEBetako eta Europako oligarkia berau sustatzen" ari delako.
Bera da alderdi elektoral eta think tank ultraeskuindarrak, komunikabide erreakzionarioak eta talde faxistak finantzatzen ari dena.
Biek ala biek estatu autoritarioa defendatzen dute, hau da, langileon eskubide kolektiboak ezeztatuko dituen estatua, polizia-indarrek botere eta inpunitate handiagoa edukiko duten estatua, eta erabat militarizatutako estatua. Eraldaketa hori Europa osoan gertatzen ari da, alderdi politiko liberal zein sozialdemokraten eskutik, eta faxismoak muturreraino eramango du prozesu hori.