COVID-19aren ondorioz ikasturte amaierako bidaia ez egitea erabaki zutenen aldeko epaia

Bi urte igaro dira Tolosaldeko 100 ikasle baino gehiagok bidaiatzeko edo dirua galtzeko dilemari aurre egin behar izan ziotenetik. Ikasturte amaierako bidaia egin behar zuten Mallorcara, baina COVID-19aren makro-agerraldi bat medio bertan behera uztea erabaki zuten, eta bidaia agentziak ez zuen inolako akordiorik lortu nahi izan.

Tolosaldeko 100 ikasle baino gehiagok ikasturte amaierako bidaia egin behar zuten 2021eko uztailean. Mallorcara joateko bidaia aurreikusi zuten, baina COVID-19ak eragindako makro-agerraldi bat medio ez joatea erabaki zuten. Hainbat familiak modu arduratsuan Osasun Ministerioak ez bidaiatzeko egindako gomendioei jarraitu zieten, nahiz eta bidaia agentziari aldez aurretik emandako diru kopurua galtzeko aukera egon. Hala ere, aurrez emandako dirua jaso ahal izateko epaitegien aurrean eskaera egitea erabaki zuten eta epaitegiak arrazoia eman die.

Tolosaldeko KIUBen bidez saiatu ziren eskaera egiten. Tolosaldeko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak, besteak beste, aldeen arteko bitartekaritza lanak egin zituen eta familiek hainbat proposamen egin zituzten. Horren arabera, hainbat aukera aztertu ziren, bi aldeentzat ahalik eta kostu txikiena izango zuen akordio bat lortzen saiatzeko eta auzi judiziala saihesteko. Hala ere, ezinezkoa izan zen. Agentziak ez baitzuen inolako akordiorik lortu nahi izan; berriro ere, haren jarrera irmoa eta negatiboa izan zen. Argudiatzen zuen osasun agintarien gomendio bat baino ez zela.

Agentziaren jarrera hain zorrotz eta aldaezina zenez, eta familia horiek emandako diru kopurua berreskuratzeko aukera izan zezaten, KIUBak gomendatu zien Tolosako Arlo Zibileko Epaitegietan hitzezko epaiketa eskabidea egitea. Bi urte geroago, jada atera dira aldeko lehen epaiak, demandak oso-osorik onartu dute eta bidaia agentziaren ausarkeria nabarmendu dute. Beraz, Tolosako familiek  dirua eta legeak ezarritako interesak berreskuratu dituzte. Eta, batez ere, egiaztatu ahal izan dute justizia, oro har, arduraz eta fede onez jarduten duenaren alde dagoela.

Tolosaldeko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoaren aldetik zoriondu besterik ezin ditugu egin. Ez bakarrik lortutako emaitzengatik, baita, bereziki, prozesu osoan zehar erakutsitako kemen eta iraunkortasunarengatik ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!